ATZO erabaki zen, Huarten jokatu zen desenpateko partirduan, zein izango den finala jokatuko duen bigarren bikotea: Ezkurra eta Gaztelu. Finala larunbatean jokatuko da, Galarretan, arratsaldeko 17:00etan, eta aurrean izango dituzte Urriza eta San Miguel . Partidua ETB1n ere botako dute.
Semifinaletako bi buelta
Finala nork jokatuko duen erabakitzeko semifinaletako bi buelta jokatu dira. Urriza eta San Miguel erraz nagusitu ziren, Altuna II eta Eizagirren kontra jokatuko bi partiduak irabazi baitzituzten (27-40 eta 37-40). Ezkurra eta Gazteluk, ordea, gehiago borrokatu behar izan dute eta atzo desenpateko partidua jokatu behar izan zuten, Zeberio II eta Agirrezabalaren kontra. Justu justu irabazi zuten, markagailua 39-40 zela bukatu baitzen partidua.
Iñaki Gazteluren debuta
Azpimarratzekoa da bi bitako txapelketako 38garren edizio hau, Iñaki Gaztelurentzako aurrenekoa izan dela. Pozik egoteko motiboak ditu, aurrenekotik finaleraino iristea lortu baitu.
Finaleko beste ezaugarrietako bat da, txapel gehien lortu dituzten erremontistak Patxi Zeberio (bost txapela) eta Eizagirre (lau txapela) ez direla final haundian izango. Finalean izango dira ordea, Ezkurra, orain artean hiru txapela eskuratu dituena, eta San Miguel eta Urriza txapel bakarra eskuratu dutenak. Urrizak iaz lortu zuen bi bitako txapelketa irabaztea, Lizasorekin batean, Altuna I eta Etxeberria IIIren kontra 40-26 irabazita.