MELTXOR, Gaspar eta Baltasar Errege Magoek ez zuten hutsik egin atzokoan. Orientetik Hernanira bide luzea egin ondoren iritsi ziren, eta herritarrek harrera beroa eskaini zieten.
Kaxkoa jendez gainezka
Errege Magoak eta karrozak ikusteko gogoz, herritar ugari bildu ziren kaleetatik barrena arratsaldean. Kabalgatak ibilbidea arratsaldeko 18:00etan hasi zuen Marielutsen, Karobi elkartean. Aurpegi irrifartsuarekin ekin zioten ibilbideari Erregeek, bide luzearen ondorioz, batere nekerik nabari ez zitzaiela. Karroza dotorearen inguruan pajeak, herritarrak, musikariak eta abar izan zituzten lagun; eta goxoki ugari banatu zizkieten kale ixkinean bildu ziren herritarrei.
Guztira ordubete inguruko bidea egin zuten herritik barrena: Urbieta kalea zeharkatu, Elkano igo, Izpizua jaitsi eta Zikoeneara. Handik kale Nagusia igo zuten eta Gudarien plazara iritsi ziren. Bertan, etxeko txikienen eskariak entzun zituzten Erregeek. Eskariak egin ondoren, erregeen opariak espero zituztenek, etxerako bidea hartu zuten; urte guztian zehar txintxo-txintxoak izan ondoren, goizean zapata inguruan opariak espero baitzituzten.
Zaharren Egoitzara
bisita arratsaldean
Kabalgata hasi aurretik, Errege Magoak Zaharren Egoitzan izan ziren, bertan bilduta eta zain zeuden aiton amonei opariak emateko.