Javier Etxeberria Salaberria
ITSASOTIK ez urruti, Nafarroako herri menditxua da Goizueta. Hernaniko kamioa egin aurretik, Pasaia izan zen Goizuetatik itsasorako irtenbiderik usuena.
Goizuetatik abiatu eta Urraideko zubitik barrena Zariko gainetik edo Larrazabal eta Irurietako mendatean goiti ziren gurdibideak Oiartzunera edo Malmazar hegiko organbidetik Errenteriara eta Pasaiara. Burni totxoak, barkugintzarako zurajeak, lanerako erremintak, bale eta oliba olio, bakailo gazitu, gari, korreo eta beste hainbat gauza beharrezko garraiatuko zuten idiekin gurdiz edo abereekin galeretan edo pasta gainean, aspaldi laharrak hartu edo pistaren batek desegin zituen galtzada zahar haietan barrena!
Gauza jakina da XIV mendean Goizueta inguruko oletako burnia Pasaiatik barrena nola bidaltzen zen Ingalaterra eta Ipar-Europako herrialdetara garaiko txalupetan. Beranduago berriz, XIX mendean Pasaira iritsiko zen Somorrostrotik zekarten kalitate handiko burnia hemengo oletako indarra aprobetxatuz bertan landu eta erremintak egiteko, eta, batez ere, iltzeak.
Baina ez da lurra edo orografia hutsa izan Goizuetatik itsasorako bideak zaildu dituena. Gehinenetan gizakion interesak izaten baitira atzenerako trabarik handien. Eta guri ere, goizuetarroi ere, halaxe etorri zaizkigu gainera Nafarroako eta Gaztelako erreinuen arteko espa luzeak. Donostia aldea, Hernani, Pasaia eta Oiartzungo bailara eroso hori berenganatu nahi izandu baitzuten bien ala biek. Nafarroak itsasora zuen irtenbide bakarra, Gaztelak bereganatu baitzuen Frantziarako eta Europarako hain inportantea zen itsasbidea.
Pasabide estrategiko hura zela medio, istilu haundiak izan dira beti, alde bietako erreinuen artean: igarotzeko lizentziaren beharra, zergak, eragozpenak, kontrabandoa eta baita hamaika gerra eta gatazka ere. Hala ere, muga guzien gainetik, jendeak bere harreman hestuei eutsi die, besteak beste, hona testigu oraindik kasik senide diruditen Goizueta eta Oiartzun aldeko hizkerak.
Hernani eta Goizueta lotu zituen kaltzada berriak
Baina, 1868 urte inguruan Goizuetako komunikabideak aldaketa nabarmena izan zuten teknologia berrien sorrera zela medio. Aspalditik oletan aprobetxatutako indar hidraulikoak elektrizitate bihurtzeko erreztasunari esker. Garai hartako krisialdi gorrien erdian, karlisten bigarren gerratea pasa berria zela, eta herriko etxea, -lau urte lehenago kizkalia-, berritzen ari zirela, Goizuetako udalak bide eroso eta on baten falta salatzen du eta aldi berean Urumea ibaiak argindarra sortzeko dauzkan gaitasunak goraipatzen.
Ez zebilen oker. Izan ere, 1887an, donostiarrak gauezko lehen zezenketa argi indarraren etorrerarekin batera inauguratzen ari zirela, Goizueta Hernanirekin eta argi indarren zentralekin elkartuko zuen kaltzada berria eraikitzen ari baitzen. Bide berri honekin Hernani eta Urumea bihurtzen dira Goizuetako auto eta gurdien irtenbide eroso bakar, 1916an Leitzako kamioa egin zuten arte. Aipatzekoa baita, argi indarren eta harien kontrola telefono bidez egiten zela, eta aurrerapen harixe esker oso goiz iritsi zela telefonoa Goizuetara.
Kamio honek erakusten du nola bide batek herrien arteko historian ate batzuk ireki eta beste batzuk itxi ditzakeen. Goizueta eta Hernani hurbilago gelditu ziren guk moderno deitzen diogun garai hartan. Ordura arte, aspaldi handitik pasabideko auzo izan genituen Oiartzun, Errenteria eta Pasaia, berriz, urrutixeago distantzian, eta piskanaka memorian ere bai.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!