Domina festa izan zuten Hernaniko atletek Gipuzkoako pista estaliko txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2009ko urt. 4a, 01:00

GIPUZKOAKO pista estaliko txapelketak izan dira duela gutxi, kadete, jubenil eta junior mailan. Hernaniko atletak bertan izan dira eta beste behin ere domina mordoa eskuratu dute.

Maitane Iruretagoienak urrezko domina
Maitane Iruretagoienak, junior mailan, 60 metroko proban hartu zuen parte eta urrezko domina eskuratu zuen. 7.82ko denbora lortu zuen atleta hernaniarrak. Azpimarratu behar da apiriletik lesionatuta izan dela eta udaran deskantsatu ondoren berriro ere hasi dela konpetitzen. Denboraldi berria sasoi onean hasi du eta aurrera begirako txapelketetan parte hartzeko gogotsu dabil. Gipuzkoako Txapelketan lortutako denborarekin, Espainiako Junior eta Absoluto mailako txapelketan parte hartzeko minimoa lortu du. Absoluto mailako txapelketak Sevillan izango da eta junior mailakoa Donostian.

Imanol Lionek urrezko domina
Urrezko beste domina bat ere lortu zuen Gipuzkoako Txapelketan Imanol Lionek, kadete mailan. 60 metroko proban eskuratu zuen, lan bikaina eginda. Zilarrezko dominak ere izan ziren hernaniarrentzat, bat baino gehiago. Lide Redondok, junior mailan, zilarrezko bi domina eskuratu zituen 60 metrotan eta luzera jauzian. Enara Agirrezabalak ere bi zilarrezko domina lortu zituen, jubenil mailan, 60 metrotan eta 200 metrotan. Jon Patxek, kadete mailan, zilarrezko domina eskuratu zuen luzera jauzian eta marka pertsonal berria ere lortu zuen, 5,25 metroko jauzia eginda.

Joseba Lizeagak zilarrezko bi domina
Bestalde, Joxeba Lizeagak zilarrezko bi domina lortu zituen, 60 metro hesietan eta pisu jaurtiketan. Joxebak datorren astean jokatuko den Euskadiko Txapelketan hartuko du parte eta Espainiako Txapelketan parte hartzeko minimoa lortzen saiatuko da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!