PSE-EE: «Aurrekontuak krisiari aurre egiteko tresna izan behar du»

Kronika - Erredakzioa 2009ko urt. 4a, 01:00

pse-eek ere osoko emendakina aurkeztu do aurrekontuari eta Gobernu Taldeari eskatu dio oraingo proposamena erretiratu eta aurrekontu berria osatzeko. PSE-EEk azaldu du, aurrekontua egungo egoera ekonomikoak baldintzatzen duela eta horren aurrean aipatu du «aurrekontuak krisiari aurre egiteko tresna» behar duela izan. Balorazio orokorra eginez, PSE-EEk uste du egoera ekonomiko honek eskatzen duela «politika sozialak, lan eta hezkuntza politikak indartu edo mantentzea, eta inbertsio publikoa haunditzea».

Egoera ekonomikoak baldintzatutako aurrekontua
Aurrekontu proposamenaren inguruan eztabaidatzeko, egungo egoera ekonomikoa kontuan hartu behar dela dio PSE-EEk: «Diputazioak milioi bat euro gutxiago jarriko du, etxebizitzen inguruko ekonomiak geldialdia izan du eta baimen urbanistikoek behera egin dute nabarmen». Egoera honen aurrean adostutako aurrekontuen premia azpimarratu du PSE-EEk, baina bere iritzira, Gobernu taldeak «sahiestu egin ditu oposizioko alderdi nagusiak eta nahiago izan du Gobernu Taldea bakarrik ordezkatzen duen aurrekontua aurkeztu». Egoera honen aurrean, aurkeztutako proposamena atzera botatzeko modukoa dela irizten du PSE-EEk: «2008an aholkularitzan gastatzea aurreikusita zegoena pasa egin da, aholkulariek egin dituzten ordu extrak direla eta joera mantendu egiten da 2009ko aurreikuspenean». Honekin lotuta alderdi sozialistak aipatu du Gobernu Taldeak bere garaian esan zuela, «hirigintzako aholkulariak bere lan orduetan idatziko zuela arau subsidiarioen testu berritua, eta orain, arkitekto bat kontratatu da, modu irregularrean».

Politika soziala
Krisiaren aurrean politika soziala inoiz baino gehiago behar dela uste du PSE-EEk eta dioenez «ez da momentua arlo sozialean murrizketak egiteko, gastuak murriztu eta politika publikoaren aldeko apustua egitekoa baizik». Bukatzeko, PSE-EEk aipatu du inbertsio pribatuaren atzerakadaren aurrean, Espainiako Gobernuak inbertsio publikorako proiektu bat jarri duela martxan «gure herrian 3 milioi euro pasako inbertsioa ekarriko duena, baina hau herri mailan egiten den esfortzua laguntzeko da eta maila honetan egin den ahalegina hutsaren parekoa da». PSE-EEren iritziz, «aurrekontu proposamenean, gastuak diru sarrerekin kuadratzera mugatu dira» eta uste du «hernaniarrek aukera galdu dutela aurrekontuak krisiari aurre egiteko tresna bezala erabiltzeko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!