Eusko Alkartasuna: «Gobernu taldeak dituen lehentasunak ez dira hernaniarrok ditugunak»

Kronika - Erredakzioa 2009ko urt. 4a, 01:00

EUSKO Alkartasunak udal aurrekontu proposamenari osoko emendakina aurkeztu dio eta aurrekontua osotasunean erretiratzeko eskatu du. 2009ko udal aurrekontuaren zirriborroa aurkeztu zuen abenduan Gobernu Taldeak, eta orain alderdiek emendakinak aurkezteko epea izan dute. Eusko Alkartasunak azaldu du udalak urte zaila duela aurrean, krisiaren ondorioz diru sarrerak gutxituko direlako, «austeritatea eta gastuetan lehentasunak zehaztea beharrezkoa izango da». Testuinguru honetan, aurrekontu proposamenak aztertu eta sorpresa hartu duela aipatu du EAk eta ondorio bezala, besteak beste, aipatu du «Gobernu taldeak aurrekontuetan aurkeztu dituen lehentasunak ez direla hernaniarrok ditugunak».

Ongintzako aurrekontuak
Ongintzako aurrekontuei buruz EAk dio Udalak Ongintzari egindako ekarpena izoztu egin duela: «Zaharren Egoitzak %17an igoko du gastua, Diputazioak egindako ekarpenari esker (%9 gehiago), baina beste zerbitzu batzuek behera egingo dute, etxez etxeko laguntza zerbitzuak kasu, eta beste batzuk justu justu mantenduko dira, eguneko zentroa, esate baterako». EAren ustez, «pertsonaleko gastua murriztuta, bai udaletxean eta baita Ongintzan ere, edadetuentzako oinarrizko zerbitzuak sendotu zitezkeen: etxez etxeko zerbitzua eta eguneko zentroa».

Kiroletako aurrekontua
Kirol Patronatuko aurrekontuari dagokionean, EAk sorpresarik hartu ez duela aipatu du: «aurrekontuak ez du jasotzen ur parkeko kafetegia txukuntzeko partidarik. Kafetegia txukunduta ur parkeko diru sarrera garrantzitsua izan daiteke». EAk dioenez, Gobernu Taldeak ez dio «begi bistakoa den gai bati heltzen eta nahiago du deskalifikazioetan gelditu».

Udal aurrekontuak
Udal aurrekontuei buruz, Eusko Alkartasunak dioenez «Udalak Ongintza Patronatuari egin beharreko ekarpena murriztu du eta horri esker izan da posible Udalhitz-eko Lan Hitzarmena aplikatzea, Gobernu Taldeko liberatuen soldatak igotzea, eta aholkularien kontratuak igotzea». EAk beste igoera batzuk ere aipatu ditu: «2008tik 2009ra jai eta ospakizunen gastuak %14 igoko dira, aholkularitza juridikoko gastuak %20 igoko dira; eta hirigintza aholkularitza %34».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!