Amnistiaren Aldeko Mugimenduak eta Etxeratek deituta, Gabonen bueltan hainbat ekintza egin dira presoak gogoan izateko eta beren eskubideak aldarrikatzeko; besteak beste, Olentzeroa, Langraitzera eta Martuteneko espetxera martxak, enkartelada eta beste hainbat ekintza.
Urtezahar egunean ere, presoak gogoan
Besteak beste, Urtezahar egunean martxa egin zen Martuteneko espetxera eta ilunabarrean, enkarteladaren ondoren, errepresaliatuen aldeko brindisa egin zuten.
Goizeko 11:00etan abiatu zen martxa Astigarragatik; aldi berean beste martxa bat abiatu zen Donostiatik. 12:00ak aldera bi martxek bat egin zuten Martuteneko espetxe parean. Bertan, txalaparta doinuak, bertsoak eta hitzaldi txiki bat izan ziren bildutako 250 bat pertsonen aurrean; besteak beste, kondena beteta duten eta gaixo dauden presoak kalera ateratzea exijitu zuten. Ondoren, espetxearen bueltan euskal preso politikoen aldeko oihuak entzun ziren eta elkartasuna helarazi zieten bertan daudenei.
Ilunabarrean Hernanin, enkartelada egin zen eta ondoren, elkartutakoek topa egin zuten errepresaliatuen alde.
Gaur manifestazioa Bilbon
Manifestazioa deitu dute gaurko Heriotza zigorrik ez, biziarteko zigorrik ez lemapean. Autobusa 15:00etan aterako da Hernanitik, Atsegindegitik.