Errugbi taldeak «Landaren argi gehiago jartzeko obra egitea» eskatu du

Kronika - Erredakzioa 2009ko urt. 3a, 01:00

hernani Cre-k (errugbi elkartea) Kronikara bidalitako ohar batean erakutsi nahi izan du, Landareko argi falta. Egoerari aurre egiteko eskatu dute argiteria jartzeko lanak, lehen bailehen egiteko.

Argi falta aspaldiko kontua
Errugbi elkarteak azaldu duenez, Landareko argi falta ez da gaurko kontua: «badirudi Hernaniko errugbi jokalariak ez garela aintzat hartzeko kirolariak, eta hortaz jabatzeko, argazkiak ikusi besterik ez dago. Izan ere, begibistakoa da Landaren dagoen argiteria eskasa, herriko beste kirol guneekin alderatuz gero». Errugi elkarteak azaldu du, arazoari aurre egiteko asmotan, joan den legealdian iluminazio berria jartzeko aurrekontua onartu zela: «90.000 euroko aurrekontua onartu zen Landaren lehenengo fase batean argiteria berria ezartzeko, baina eguna joan, eguna etorri, ez zen ezer egin». Ondoren, errugbi elkarteak adierazi duenez «2007an Udal Korporazio berria eratu zen, eta Kirol Patronatuak agindu zuen bete egingo zuela hartutako konpromisoa Hernani CREko arduradunekin izandako bilera batean. Baina 2007a pasa zen, eta 2008a ere joan da, eta guk ezagutzen ez ditugun arrazoi ilun batzuk direla medio, lehen bezala jarraitzen dugu, Landare ilunpetan». Egoera horretan entrenatzeko dituzten baldintzak azaldu dituzte: «aste egunean, behar den bezalako argitasunik gabe aritzen dira 150 jokalari entrenatzen, eta soilik zelai batean». Entrenatzeko beharrezkoa Entrenetzeko eta partiduak jokatzeko, argia behar beharrezkoa dutela azaldu dute eta batez ere neguan: «argia ez dugu partiduak telebistan emateko behar, entrenetzeko baizik; Hernaniko gainontzeko kirolariek egiten duten moduan. Beraz, eta norbaiti esaten ari garena gehiegikeria iruditzen bazaio, Landarera paseo bat ematera gonbidatzen dugu, astearte, ostegun edo ostiraletan, 19:00etatik 21:00etara. Eguberriko argiteria herriko kaleetatik kentzen denean, agian Landareri tokatuko zaio. Umorea ez dadila falta. Izan untsa eta argi ibili».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!