Etiopian dagoen Wukro herrian daramazkizu azken 18 urteak baina, tarteka Europara ere
itzultzen zara zure lanaren berri ematera. Krisia dela eta,
erantzuna nolakoa izan da?
Interesa eta esperantza jarri duen jende dezenterekin egin dut topo eta hori eskertzekoa da. Diputazioak eta Eusko Jaurlaritzak adibidez, laguntza ederra eskaini digu hango lurrak birlandatzeko, eta horrela, euri ura bildu ahal izateko. Instituzioen aldetik behintzat, aurten ez dut kexarik. Dezente lagundu digute, eta errespetuz eta interes handiz gerturatu dira gainera. Noski, krisia dela eta ez dela, aurrekontuak murriztu egiten dira toki guztietan, eta laguntzetara bideratutakoa izaten da murrizketa nabarmenena jasaten duena.
Wukroko lurra birlandatzeko proiektu bat martxan duzue beraz. Horrez gain beste batzuk ere atera dituzu aurrera azken urte hauetan.
Proiektu batzuk pertsonei zuzendutakoak dira eta beste batzuk ama lurrari zuzendutakoak, lurrik gabe gure burua suntsitzen baitugu. Proiektu paraleloak dira.
Ama lurrari zuzendutakoen artean ura bildu eta pilatzeko zonalde batzuk birlandatzeko proiektua dugu martxan. Baina gehiago ere egin dira. Esan daiteke, Wukrora iritsi ginenean arbola bakarra zegoela; orain berriz, zuhaitz eta landareen artean 70.000 inguru izango dira. Eta ez da ahaztu behar, arbola bakoitzaren atzean bertako jendearekin osatutako talde batentzat lana sortzen dela. Oso lagungarria izan da bertako jendearentzat, ikusi baitute ilusioarekin, ideia gutxi batzuekin eta lan handiarekin gauza ederrak lor daitezkeela.
Orain, Eusko Jaurlaritzarekin batean, mendian ura bildu eta mantenduko duen proiektu batean ari gara, ura ez dadin itsasora galdu. Wukron lur asko dago baina oso lehorra da, eta kalitate kaxkar xamarrekoa; zaila da bertatik zerbait ateratzea... Horrela esanda proiektu bat baino gehiago, erronka dirudi (barre egiten du)! Ura mantentzeko zuhaitz eta landare batzuk landatzen ari gara, bertakoak direnak. Flora berezikoak dira eta erlauntzak bertan kokatzea ahalbidetzen dute. Horrela, ura mantentzeaz gain, kooperatiba txikiak martxan jartzea ere lortzen da.
Aipatu duzun gisan, pertsonei zuzendutako proiektuen artean dago hernaniarrontzat aski ezagun bilakatu den Jangela Solidarioa, ezta?
Noski! Beste batzuen artean. Wukro 35.000 biztanle inguruko herri txikia da. Baina populazio landatarra kontuan hartuta, 120.000 biztanle bizi gara, elkarbizitzan. Hezkuntza, janaria, osasuna eta etxebizitza guztien oinarrizko eskubideak dira eta Jangela Solidarioarekin Wukroko hainbat haurri, batez ere, umezurtzei beharrezko elikagaiak ematen saiatzen gara. Munduan 26.000 haur hiltzen dira egunero, malnutrizioaren erruz. 1.600 umezurtz ingururekin aritzen gara alde batetik, elikagaia, etxebizitza, hezkuntza, osasun-maila egokia... ahalbidetzeko. Horrez gain, 500 edo 600 haur inguru jasotzen ditugu egunero Jangelan, osasuntsu izateko pisu minimora ere heltzen ez direnak. Arazoa da, emandako elikagaiekin pisu minimora iristen direnean ez dutela gehiago jasotzen, ez baitago nahi adina janari.
Horrez gain, HIESA eta tuberkulosia duten gaixoak, edadeko jendea, ezkongabeko amak, lanik gabeko seme-alabak... laguntzeko taldeak ere baditugu.
Bestalde, Wukrora iritsitakoan martxan jarritako lehen proiektua Saint Mary eskola izan zen. Gaur egun 350 ikasle inguru joaten dira eskolara, eta ondoren, ikasketekin jarraitzeko aukera dute hainbat ofizioren artean aukeratuta: elektrizitatea, soldadura, pintura, nekazaritza, larrua lantzea, jostea...
Hezkuntza gabe bizirautea posible da baina, hezkuntza gabe hazitako herriak ez du historia sozialik izango bere baserrietatik at. Eta uste dugu bai sozialki bai kulturalki ekarpen garrantzitsua egin dezakeen herria dela Wukro. Gainera, globalizazioarekin batera beren bizitzetan sartu diren gauzak asimilatzeko ere beharrezkoa da hezkuntza. Kontsumo gizartea antolatu dutenak oso buruargiak dira, eta horri kritika egiteko baliabide bat da hezkuntza. Solidaritatea eta soiltasuna bezalako balioak transmititzeko gai ere badira wukroarrak; ez dadila beti gehiago izateko nahia zabaldu eta ikas dezagun nahikoarekin bizitzen, gehiagoren beharrik gabe.
Globalizazioa aipatu duzula,
nolako efektua du Afrikan?
Arazoa ez da globalizazioa bakarrik. 60eko hamarkadan Afrikak independentzia lortu zuenean, koloniek bertan nolabait antolatuta eta hornituta utzi zuten bakarra ejertzitoak izan ziren, ez hezkuntza edo beste ezer. Gainera, Europak aukeratutako liderrak agintzen dute Afrikan, eta nahi bezala kontrolatzen dituzte.
Ondoren, komertzioaren eta garapenaren dinamikarekin Afrika munduaren esku geratu zen; marko internazionalean ezer gabe, egitura ekonomikorik gabe. Orduan laguntzak hasi ziren, hasieran interesik gabeak. Baina pixkanaka hori aldatu egin da eta azkenean, Afrikatik Europarantz joaten den dirua gehiago da, Europatik Afrikara laguntza gisa bidaltzen dena baino. Bestalde, zor eta interesak ordaintzeko Lehen Munduak aurrekontuak murrizteko eskatzen dio Afrikari. Lehen Munduan langabeziari aurre egiteko inbertitzea ondo ikusten da, baina Afrikan hezkuntzan edota osasunean murrizten dira aurrekontuak, eta inork ez du ezer esaten. Ejertzitoan ez dute ezer murrizten ordea.
Orain gainera, Lehen Munduko herrialde batzuk Afrikarekin erlazio ekonomiko berezia izaten saiatzen ari dira, eta horretarako, arantzelak kentzea eskatzen dute. Hau da, Lehen Munduko produktuek ez dezatela Afrikan muga zergarik ordaindu. Modu horretan, Afrikak ezin du inola ere Lehen Munduko produkzioarekin lehiatu. Tristeena eta nazkagarriena zera da: hau laguntzeko egiten dela!
30 urte dira jada arantzelak murrizten hasi zirela, eta ekonomista afrikar batzuen esanetan, arantzelak mantendu izan balira, Afrikak ez luke kanpoko laguntzarik behar. Bertako komertzioa babestuko zen eta bertan ekoitziko litzateke beharrezkoa. Gainera, arantzelekin dirua ere lortuko luke Afrikak. Lehen Munduan ordea, buruargiagoak gara. Hemengo pentsaera hau da: «asko edukita ere, gehiago eduki eta han berriz, gelditzen den gutxitik gehiago kendu».
Hernaniko Portu auzoan jaioa zara eta oso ezaguna zara
hernaniarrontzako. Bertako jende dezente ere joan zaizu
bixitan eta guztiak liluraturik itzuli dira. Zer dela eta?
Hernaniarrak soilik ez! Toki askotako jendea etortzen da bixitan, nahiz eta ez horrenbeste, baina egia da guztiak liluraturik itzultzen direla. Ez Wukroko eskola, lurra birlandatzeko proiektua, jangela eta horrelako proiektuak martxan ikusten dituztelako. Horiek ere harrigarriak egiten zaizkie eta gustatzen zaizkie. Baina benetan kateatzen dituztena, engantxatuta uzten dituztena Wukroko haurrak dira. Azken batean, gauza xumeak dira jendea erakartzen dutenak, eta aldi berean, guztiok izan ditzakegun gauzak dira. Gure gizarteak ahaztu egin du hori. Kristauok Eguberriarekin ere gauzak gaizki egin ditugu. Gabonetan, komunikabide guztietan ikus dezakeguna kontsumoari lotuta dago: Olentzero, Errege Magoak, Papa Noel edo dena delakoa, opariak ekarriko dituena azken finean. Hemendik gutxira Jesus haurra nor zen ere ez dakien haurrak izango ditugu. Eguberriak suntsitu ditugu. Wukroko haurrak aldiz naturalak dira, espontaneoak; horretxek liluratzen ditu bixitariak. Gure gizarteak galduak baititu balio horiek.
Azken galdera honi ez diezaiozula kutsu negatiborik hartu Angel baina, Abba Melaku (Wukron esaten dioten bezala, Jainkoaren Aingeru) ez dagoenean, zer?
Ez pentsa! Nik ere askotan pentsatu dut horretan! Baina inor ere ez da ezinbestekoa inon. Hasieran proiektu gehienetan aritzen nintzen buru belarri. Gaur egun berriz, pixkanaka-pixkanaka lanak banatuago utzi ditut eta nik ere lan gutxixeago egiten dut. Umezurtzez, emakume alargunez, adineko jendeaz... arduratzen den ofizina sozialean edota eskolan adibidez, atzerritar bakarra ni naiz. Jada bertako jendea da proiektuak aurrera ateratzen dituena.
INSTITUZIOEK ematen duten laguntza ezinbestekoa da Angel Olaranentzat. Baina hori ez da nahikoa. Jendea kontzientziatzea beharrezkoa da. Hernanin hainbat ekintza antolatu izan dira ohorezko hernaniarrak Wukron egiten duen lanari bultzadatxo bat emateko: bazkari solidarioak, Gazte Asanbladak ospatutako jokoak, orain gutxi Biterin jarritako erakusketa... Angelen ustez, honek guztiak jendea kontzientziatzeko eta gehiago inplikatzeko balio du. Bixitan etorritako jendea ere hunkituta etorri izan da eta lanerako gogo handiz. Ashok Iturrizak adibidez, pare bat bixita egin ditu Afrikara. Hernanin berriz, Gazte Txokoko monitoreetako bat da, eta bertako gaztetxo batzuekin batera `Irriak Eraikitzen` elkartea osatu du. Honen xedea Angeli bidaltzeko dirua lortzea da, Wukroko haurrek jolasteko eta malabareak egiteko materiala izan dezaten. Santo Tomas egunean postua jarri zuten Hernaniko plazan eta herriko hainbat ikastetxetan hitzaldi batzuk eman dituzte.