Hau argitaratzerako, hi bide dezente egina izango haiz. Gaur goizean deitu zidak hire seme Pellok, ihes egin duala, alde egin duala, eskapo egin duala alegia, esateko. Oraindik freskoa diat hire herenegungo deia. Mugikorra itzali, eta burua kizkurtzen hasi zaidak hire norabideaz asmatu nahian. Eta ziur nauk badakidala norantz egin duan, hi Leandro bila abiatua haiz. Eta Pipo harengandik urrun ez dela ibiliko jakitun, ehiztariarena egin nahi izan duk, bi pieza tiro batez. Eta nolako piezak! Dagoeneko Leandrok leku egokia prestatua zeukak hiretzat bere alboan. Uso pasa eta erreka ondoan. Kontu egin ezak denbora dezente egin duela hor hire zain, eta hura ezagututa, zirika hartuko hau, eta nahasiko hau non hagoen ez dakiala arte. Lasai hartu eta ez erotu. Pipo bere aulkian jarria zain izango duk, azken bakeradaz mintzo txokolate ontza esku artean duela. Musean, deskartean egin beharko duzue laugarrena bildu bitartean, Xaian ere, hi bortxaz eraman ondoren, nekez osatzen dituk bi bikote. Tourrerako etxearena egina duk. Iazkoa. Aurten, bat gutxiago ordaintzeko. Garestitzen ari zaiguk bizitza, hala ere, hemen inork ez zeukak asmorik zuekin musean egiteko. Holakotan sinestuna izan nahi nikek, eta ipuinak bizi. Zozo beltz bat banuen....
Joxe Mari Ostolaza Lertxundi