2009 ATE JOKA DUGU

Kronika - Erredakzioa 2008ko abe. 31a, 01:00

Konturatu gabe igaro da 2008 urtea eta berriari harrera egiteko puntuan gaude.
Hobeto nahian 2009ak aurrekoak baino emaitza oparoagoak izatea nahi nuke, Udalarentzat orokorrean eta zuetako bakoitzarentzat partikularki, buruan dituzuen amets eta egitasmo horiek egiteko modua izan dezazuela alegia. Eta bide batez elkarrekin egin beharreko bidea xamurra izatea nahi nuke.
Beltz kolorekoa aurreikusten digute 2009 urtea, ea guztion artean hain iluna baino kolorez jantzitakoa egiteko gauza garen, gu behintzat guztion artean oztopoak gainditzeko lanerako prest gaude eta hala nahi duenak bidelagun izango gaitu, horretan ez egin zalantzarik.
Egoera ekonomikoa, Euskal Herriak bizi duen egoera politikoa, zein baino zein egoera nahasiagoak eta aldi berean gure inplikazioa eta ausardia eskatzen duten gaiak, burua hotz eta asmo sendoz, unean uneko partxeoetatik harantzago behin betiko irtenbideen alde egitea eskatzen duten egoerak. Bietan ere nabarmena da orain arte gailendutako sistema agortuta dagoela eta etorkizuna bestelakoa izatea behar dugula, ezberdina eta guk erabakitakoa, eta jauntxo aberats batzuek inposatuaren ordez.
Bada 2008 urtea alkate modura ez nuela amaituko pentsatzen zuenik, 12 hilabete hauetan izandako jazarpena ez da ez nolanahikoa izan egia esan. Gauza asko gertatu diren urtea izan da agurtzera goazen hau, eta hurrengoak zerrenda laburragoa ekarriko badu, denak gogoan, irtenbideetan jarri beharko dugu indarra, eta guztion indarrak horretara lotu.
Iaz bezala aurten ere alkatearen ahalegina hauxe da, Hernaniko herritar guztien bizimodua hobetuko duen bidea lantzeko konpromisoari eustea, bai politika orokorreko gaietan zein eguneroko gertakariekin zerikusia dutenetan.
Denok gara eta zarete garrantzitsuak, kolore bateko edo bestekoak izan, eta denontzat lan egiteko aurkeztu ginen neurrian, etorkizun hobea eraikitzeko lanean jarraituko dugu. Ez da bide xamurra izango, atzera begiratu besterik ez dago horretaz ohartzeko, baina oztopoak oztopo aurrera jarraitzeko prest nago, eta herritarren babesarekin urratsak ematea lortuko dugu, azken hilabeteei aurre egin diegun modu berean. Hori dela eta, urtea amaitzear, hernaniarren aldetik jaso izan dudan elkartasuna eta maitasuna eskertu nahi dut, beti ere une zailetan asko arintzen baitu erasoaren zama. Mila esker bihotz bihotzez.
Gainerakoei zer esan, orain lotu ez gaituenak etorkizunean lotuko gaituen itxaropena ez dudala galtzen. Ea bada eskutik helduta aritzeko guneak eta uneak aurkitzen ditugun 2009 urtean, 12 hilabete barru atzera begira jartzen garenean zorionekoak izan daitezen oroitzapen gehienak eta zoritxarrekoak gutxi batzuk baino ez.
URTE BERRI ON!!!!!!!!!!!!!! Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkatea

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!