Non eta noiz da hitzordua?
Mitxirrika: 17:15etan abiatuko gara plazatik zaharren egoitzara. Ospitale Zaharrean hasi ginen kantari eta orain zaharren egoitzara joaten gara; gero, 18:00ak aldera, kale bueltari ekingo diogu: Urumea kalean behera jaitsiko gara, Zinkoenearaino; Kale Nagusitik gora Karkabara, eta handik plazara. Lehen, urte batzuetan Tiburcio Patxi Odriozolaren etxeraino joaten ginen, gaixotu zenean. Joxe Mari: Garai batean Txirrita ibiltzen omen zen San Joanetako buelta egiten baina ez Urtezaharretakoa... Gero urte batzuetan galdu egin zen ohitura, gerra garaian eta gerraostean, eta berriro errekuperatu zuten.
Galdu egin zen ohitura?
Mitxirrika: Galdu, edo galerazi. Kuestioa da urte batzuetan ez zela egin, eta gero Patxik, Tiburcio Odriozolak, ekin zion, 80garren hamarkadaren hasieran; koroa zuzentzen zuen berak.
Ohitura Zaharrak abesbatza. Zenbat lagun biltzen zarete?
Joxe Mari: Gora behera haundiak izaten dira baina bihar 20-30 bat lagun izango gara.
Eta zer kantatuko duzue?
Joxe Mari: Beti kopla bera kantatzen dugu, Dios te Salve; bertsolariak dira saltsa jartzen dutenak; hasieran hotz egoten dira baina berotzen direnean, ezin isildurik ibiltzen dira.
Laguntzaileak ere izaten dituzue.
Mitxirrika: Bai, dozena erdi bat bertsolari edo gehiago izaten dira; trikitilariak Oialumetik etortzen dira eta herriko txistulariak ere etortzen dira.
Hernaniko Ohitura Zaharrak Abesbatza egun seinalatuetan bakarrik ateratzen al da?
Mitxirrika: Bai, hiru egunetan: Santa Ageda, San Joan eta Urtezahar bezperetan.
Maindirearekin ibiltzen al zarete?
Joxe Mari: Garai batean halaxe ibiltzen ginen; jakina, dirua balkoitik botatzen zen orduan, eta iluna izaki, maindire zuria behar. Gero poltsa bat ere ibili genuen eta orain ez dugu dirurik biltzen.
Urte asko errondan?
Joxe Mari: Urte asko; mutil koskorretan hasi nintzen.
Mitxirrika : Joxe Mari bezala, urte mordoska...
Kalebueltan non geldituko zarete?
Mitxirrika: Plazan, Plaza Berrin, Zinkoenean, Karkaban ere kantatzen dugu, baina bestela, geldialdi gehienak, tabernetan egiten ditugu.
Zerbait jasoko duzue ordainetan?
Mitxirrika: Bai... ardoa, sagardoa, garagardoa... batzuetan gazta eta urdaiazpikoa...
Joxe Mari: Gehienetan zer edo zer ematen digute, eztarria berotzeko zerbait...
Edonork parte hartu dezake?
Joxe Mari: Bai, gainera gustora hartuko genituzte, gazteak batez ere, eta emakumeak ere animatu nahi ditugu, gehienak gizonak baikara...
Mitxirrika: Gogoa eta umore ona besterik ez dira behar. Eta baserritarrez janztea, goiko partea behintzat...
Zergatik parte hartu Gabon Zaharretako errondan?
Joxe Mari: Garai bateko ohitura zaharrak mantentzeko: musika, bertsolariak... Eta kalea asko girotzen da!
Mitxirrika: Garai batean kantuan asko egiten zen eta ohitura hori berreskuratzeko hartzen dugu parte errondan.