«Txapelketa ona jokatu dugu; sasoian gaude eta horrek konfidantza ematen dizu»

Kronika - Erredakzioa 2008ko abe. 30a, 01:00

Urte asko pelotan jokatzen?
Inaki: Nik mordoska bat, 34 urte bai baititut; Aitorrek berriz, 21 urte ditu eta bere hoberenean dago.
Eta elkarrekin jokatzen denbora asko?
Aitor: Iñaki orain arte profesionaletan aritu da, orain hasi da gurekin jokatzen. Duela pare bat urte jokatu genuen Gasteizen partiduren bat; eta irailean Aginagan jokatu dugu, bertako txapelketa.
Gipuzkoako Txapelketan Bigarren Mailako Txapeldunak zarete; berez Lehenengo Mailan jokatu beharko zenuteke datorren urtean baina sortu berria den Ohorezko Mailan jokatuko duzue. Ohorezkoan 8 bikote ariko zarete, Lehenengo Mailatik pasa diren 6 eta promozioa irabazi duzuen beste 2. Pozik egongo zarete, ezta?
Iñaki: Helburua genuen Lehenengo Mailara igotzea eta horrekin bakarrik pozik gaude. Eta aurten gainera Ohorezko Mailan sartu gara. Txapelketa ona jokatu dugu; sasoian gaude eta horrek konfidantza ematen dizu.
Elgoibarren jokatu zenuten igoerako partidua. Nolakoa izan zen partidua?
Iñaki: Frontoia txikia eta baxua zen, aurkariek ezagutzen zuten eta guretzat desabantaila zen. Hala ere, Aitorrek kristoren partidua jokatu zuen.
Aitor: Tentsio haundiko partidua izan zen. Beste aurrelaria oso urduri zegoen...
Iñaki: Bai, eta guk jakin genuen bere akatsak aprobetxatzen.
Eta zuek, ondo aritu zineten?
Aitor: Egia esan, jende gutxi zegoen partidua ikusten, 30 bat lagun, baina kristoren buila zegoen, eta beste aurrelariak ere buila haundia egiten zuen eta horrek tentsioa sortu zuen.
Ohorezko Maila sortu berria da. Nolakoa izan da sailkapena?
Ohorezko Mailan sartu dira Lehenengo Mailan sailkatu diren lehenengo sei bikoteak, eta beste bi, promozioa irabazi dugun beste biak hain zuzen. Zortzi bikote gaude.
Nola antolatu dute Ohorezko Maila?
Aitor: Gipuzkoako zortzi bikoterik onenak gaude; ez dakigu nola jokatuko den, lauko bi talde egingo dituzten edo ligaska egingo den. Datorren urtean jokatuko dugu, irailetik Gabonetara.
Esperantza haundia al duzue?
Iñaki: Bai, sasoian gaude, fuerte.
Aitor: Aurreko urteetan zorte txarra izan dugu, lesioak zirela... Aurten indartsu gaude.
Herri Arteko Txapelketan parte hartuko duzue?

Aitor: Nik printzipioz bai, Hernanirekin, baina Iñakik ezin du, ez baitago Hernanin erroldatua. Berria Txapelketan parte hartzeko asmoa dugu.
Iñaki: Berria Txapelketa Herri Arteko Txapelketa bezalakoa da, baina ez da prezisoa herrikoa izatea, fitxajeak egin daitezke eta parte hartzeko asmoa dut.
11 urte dira Hernani ez dela mailarik onenean izan.
Iñaki: Bai, orduan ni izan nintzen txapeldun, Lehenengo Mailan, Felix Zabalarekin.
Aitor: Bai, gero ez dira mantendu eta orain arte bigarren mailan jokatzen aritu dira.
Zein da zuen estrategia?
Aitor: Nik dominatu eta Iñakik bukatu; ahal bada pelota zailak jartzen dizkiot beste atzelariari, hark pelota errazak jarri eta Iñakik errematatzeko, errematatzen artista baita.
Iñaki: Aitorrek egurra ematen du atzean eta nik pelota ondo harrapatzen badut... Eta keinuetan oso ondo moldatzen gara.
Nolakoak izan behar dute atzelari eta aurrelari onak?
Inaki: Atzelariak behar du huts egiten ez duena, eta dominatzen badu, orduan perfekto. Eta aurrelariak jakin behar du tantuak bukatzen, atzekoak egindako lan guztia aprobetxatu eta tantuak bukatu egin behar ditu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!