Adiskide eta herrikide guztioi, agur t´erdi!
Atsegin handiz eta esker onez hartu dugu zuen gurekiko elkartasunezko ekimen honen berri. Zinez berri pozgarria izan baita gureganako agertu duzuen prestutasuna eta atxikimendua. Mila esker guztioi, bihotz-bihotzez. Duela urtebetetsu irudikatzen genuen egoera politiko eta soziala larriagotu egin da, zalantzarik gabe. Mundu osoa kolpatzen duen krisi ekonomiko larria aski ez balitz, Euskal Herrian blokeo politikoa eta indarkeria-errepresio binomio tragikoa nagusitzen ari dira berriro ere, batak eta besteak dakartzaten sufrimendu, frustrazio eta etsipen mingotsekin batera. Atzerako konponbiderik ez duten heriotz bortitz justifikaezinak, atxiloketa eta tortura basati beldurgarriak, betirako zauri fisiko eta psikologikoak uzten dituzten leherketak, bizitza osorako kartzelaldi inhumanoak, urte luzetan heriotz edota bahiketa mehatxupean bizi beharra… Zerrenda luze bezain latza, nondinahi begiratzen dela ere. Ukaezina da Euskal Herria aspaldi honetan jasaten ari den era guztietako errepresio eta indarkerien zama eskerga, akabaerarik gabekoa dirudiena. Abertzale garenok eta giza nahiz gizarte sentiberatasunik dugunok ezin gara mutu eta geldi egon horren guztiaren aurrean. Gure Herriak aspaldiegitik sufritzen duen «…-ekintza-errepresioa-ekintza-errepresioa…» kateamendu tragiko amaigabetik askatzen eta sendatzen ahalegindu behar dugu denon artean eta gerora gabe, nork bere ahal eta erantzukizunen arabera. Hartara, indarkeria, errepresio eta eskubide-ukapen mota guztien gurpil zoro honetatik atera nahi badugu, ezinbesteko iruditzen zaigu, besteak beste, giza eskubide guzti-guztiak ororentzat eta salbuespenik gabe errespetatu eta errespetaraziko dituen ekimen abertzale eta ezkertiar sendo zabal bat bultzatzea. Ez dagokigu guri, orain eta hemen, ekimen bateratzaile horren eitea eta ezaugarriak zehaztea. Baina bai uste dugu jadanik azpimarratu behar dugula Euskal Herriaren etorkizuna eta oraina ekimen zibil politiko handi baten beharrean daudela. Hau da, bide politiko zibil soilak baliatuko dituen elkargune eta elkarbide abertzale aurrerakoi zabal baten beharrean gaude, gure Herriaren subiranotasunaren eta bake justu baten alde lan egingo duena, borroka-molde politiko sozial hutsak ez direnak ontzat hartuko ez dituelarik. Horixe dateke, gure uste apalean, zentzuzko bide eraginkor bakarra abertzale eta ezkertiar sentitzen garen guztion indarrak bildu eta Euskal Herri euskaldun, burujabe eta solidario bat eraiki nahi badugu eta, gerturago begiratuz, hamarkada luzetan batzuek eta besteek jasaten ari garen sufrimendu izugarri honi amaibiderik eman nahi badiogu. Mila esker deneri eta besarkada bero tinko bana guztiei!! Gora Euskal Herria euskalduna eta askatua!
2008ko abenduaren 28ko ekitaldirako (Demoek Mugerren antolatutakoa).
Logroñoko espetxetik, Jose Luis Alvarez Santacristina eta Kepa Pikabea Ugalde.