Oier eta Aimarren garaipenak borobildu zuen atzoko pelota jaialdia

Kronika - Erredakzioa 2008ko abe. 29a, 01:00

BURUNTZALDEKO pelota jaialdiak Buruntzaldeko frontoiak pelotariz bete zituen atzokoan. Egun haundia izan zen bai Buruntzaldeko klub ezberdinetako pelotari gazteentzat, bai klubetako arduradunentzat eta baita eskualdeko pelotazaleentzat eta. Izan ere, urte osoan egindako lana kalera atera eta egun ederra pasatzeko aukera izan zuten.

Arratsaldean pelota jaialdia kiroldegian
Arratsaldean, pelota jaialdi ikusgarria izan zen kiroldegian. Frontoia jendez beteta zela, profesional mailako pelota partiduak jokatu ziren. Aurreneko partiduan, Aratz Mendizabal eta Argotek 22 eta 10 irabazi zuten Saralegi eta Oteizaren kontra. Bigarren partiduan, Oier Mendizabal eta Aimar Olaizolak irabazi zuten, 22 eta 16, Berasaluze VIII eta Belokiren kontra. Partidu luzea izan zen, borrokatua eta landua. Aimar Olaizolak jarri zuen partiduko erritmoa eta Oier Mendizabalek ere lan txukuna egin zuen. Aimarrek 6 tanto egin zituen gantxoz, 3 saketik eta beste 3 dejadaz. Berasaluze VIIIk, gantxoz 3 tanto egin zituen, 3 sakez eta beste 2 dejadaz.

Omenaldia
Jaialdian, bi partiduen artean, pelota elkarteetako kideei omenaldi txiki bat egin zieten. Hernanitik, Felix Zabalak, Jose Miguel Azurmendik, Rufino Rekaldek, Mikel Salaberriak eta Miguel Ezpeletak jaso zituzten oroigarriak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!