Pelotari gazteak eta profesionalak, denak bat, gaur Buruntzaldeko pelota jaialdian

Kronika - Erredakzioa 2008ko abe. 28a, 01:00

BURUNTZALdeko pelotari eta pelotazaleek zita garrantzitsua dute gaur. Buruntzape teknifikazio taldeak antolatuta, eta pelota eskolek eta Udalek lagunduta, pelota jaialdi haundia izango baita. Goizean pelota klubetako pelotariek, guztira 500 batek, pelota partiduak jokatuko dituzte Buruntzaldeko sei herrietan. Goizeko 10:00etatik aurrera ariko dira: Hernanin infantilak, Andoainen benjaminak, Usurbilen jubenilak, Urnietan seniorrak, Astigarragan kadeteak eta Lasarten alebinak Eguerdian, 14:00ak aldera, Otsua-enea sagardotegira joateko asmoa dute, bazkaltzera.

Pelota partidu ikusgarriak
Arratsaldean, 17:00etan hasita, profesional mailako pelota partiduak jokatuko dira Hernaniko kiroldegian. Lehendabizikoan, Saralegi eta Oteizak jokatuko dute Aratz Mendizabal eta Argoteren kontra. Bigarrengoan, Oier Mendizabal eta Aimar Olaizolak jokatuko dute Berasaluze VIII eta Belokiren kontra. Sarrerak salgai izango dira frontoian bertan: 15 eurotan partidua zutik ikusteko; eta 30 eurotan eserita ikusteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!