ELKARTASUNAREN beharra azpimarratu nahi izan du Hernaniko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, prentsara bidalitako idatzi batean. Falta direnen hutsunea Gabonetan bereziki nabaritzen dela azpimarratu dute: «Gabonak familia eta lagunekin egoteko garaia izan ohi da. Aurten ordea gure artean nabaria izango da euskal preso politikoen eta iheslarien falta, urrun eraman dituzten herriko semeen hutsunea». Testuinguru honetan elkartasunaren premia azpimarratu du AAMk, «idatzitako hitz hauek elkartasunaren garrantzia ikustarazteko oihu bat dira; dispertsio ilegal eta kriminalek etxetik ahal bezain urrutien bidaltzen ditu gure herrikideak eta lagunak, eta beren inguruan, astebururo, mugitzen dira familia eta lagunak. Guztiei elkartasuna adieraztea garrantzitsua da».
«Errepresio ekonomikoa»
AAMk azaldu duenez «estatuek gaur egun Euskal Herria, euskal preso politikoak eta bere ingurukoak itotzeko erabiltzen dituzten errepresio modu ezberdinen artean garrantzitsuenetarikoa, errepresio ekonomikoa da: fidantzak, isunak eta dispertsioak suposatzen dituen gastuak». Adibide bat ere jarri dute, «idea bat egiteko Hernaniko preso politikoen sostengua urtero 30.000 eurokoa da, zenbaki borobiletan, honi gehitu behar zaio astebururo urruneko kartzeletara bisitan joaten direnen kontaezineko gastuak».
Elkartasunak jarraipen bat izan behar duela azpimarratu dute, baita ere, «estatu espainiar eta frantsesak inposatutako kondena ilegal hauei aurre egiteko, elkartasuna ezinbestekoa da, baina garrantzitsuena elkartasun honek jarraipen bat izatea da, egun seinalatuetatik aparte, egunerokotasunera eramatea».
Bukatzeko, elkartasuna «borroka tresna» dela adierazi dute, «bideratzeko bideak badaude, erabili ditzagun, elkartasun hitza ezagutzen dugu, eman diezaiogun bizia. Lagundu !».