«Azken hamar urteetan pelotaren inguruko mugimendua asko igo da eskualdean, eta hori sustatu eta azaleratu nahi dugu biharko pelota jaialdiarekin»

Kronika - Erredakzioa 2008ko abe. 27a, 01:00

Lehenik eta behin, zein da Buruntzape teknifikazio taldeak egiten duen lana?
Buruntzape elkarte bat eta bertan parte hartzen dute Buruntzaldeko sei herrietako pelota eskolek. Gu Buruntzapeko kideak gara, baina aldi berean Andoaingo pelota eskolako arduradunak gara. Buruntzapek egiten duena da, pelota eskolen lana osatzea. Esate baterako, pentsa dezagun Hernanin jubenil mailan bi jokalari on daudela eta horiek entrenamendu fuerte bat egiteko Añorga edo beste klub batzuetara joan behar izaten zuten lehen. Pentsatu genuen idea ona izan zitekeela Buruntzaldeko sei elkarteetan maila haundiena zuten pelotariak elkartzea. Helburua da pelotari horien maila igotzea eta hartara, pelotari horiek beren klubean geratzeko aukera izango dute. Lan hau kurtsoan zehar egiten dugu. Uztaila eta abuztuan, klubak funtzionamenduan ez daudenean, guk entrenatzeko aukera eskaintzen dugu. Udako entrenamendu hauek irekiak dira eta maila altuko zein bestelako pelotariek har dezakete parte. Duela bi urte hasi ginen lan hau egiten.


Zenbat pelotarirekin aritzen zarete lanean entrenamendu osagarri horietan? Hernaniko zein pelotarirekin ari zerate lanean?
Urtean zehar 25 pelotarirekin ari gara lanean, eta udan 70 bat pelotariekin. Kadete, jubenil eta nagusi mailakoekin aritzen gara, hor dagoelako gabezia. Benjamin, alebin eta infantil mailan gabeziarik ez dagoela ikusi dugu, herri bakoitzean dagoenarekin maila horretan moldatzen dira. Hernaniko pelotari hauek dabiltza gurekin entrenatzen: kadeteetan dabiltza, Aritz Murgiondo, Eneko Lujanbio eta Ander Lopez; jubeniletan, Eneko Azpitarte, Markel Lizeaga eta Aritz Otaegi; nagusitan, Aitor Gorrotxategi, Paul Ojuel, Ioritz Arrieta eta Ioritz San Sebastian.


Hernanin badaude beraz zaindu beharreko pelotariak.
Hernani maila gehien duen kluba da Buruntzaldean. Gurekin entrenatzen duten pelotarien herena Hernaniko klubetik datoz.


Zeintzuk dira bihar izango den pelota jaialdiaren helburua?
Zuen lana ezaguraztea? Ez hori bakarrik. Herri arteko pelota txapelketa da txapelketarik garrantzitsuena, eta duela 10 urte, ezinezkoa zen pentsatzea eskualdeko herri guztiek herri artekoan parte hartuko zutenik. Kasu batzuetan ez zegoen pelotari nahikorik eta pelota eskolarik ere ez zegoen beste batzuetan. Azkeneko herri artekoan Buruntzaldeko sei herriek hartu zuten parte. Hor ikusten da, herri hauetan pelota giroa badagoela eta azken 10 urteetan asko igo dela. Hernanin agian, betidanik izan da pelota tradizioa, Usurbilen ere bai, baina Andoainen duela 10 urte edo sortu da mugimendua. Gaur egun badago pelota eskola, baudaude pelotariak, badago maila eta badago giroa. Giro hori kontuan hartuta, eta hori sustatzeko, jaialdi bat egitea ideia ona iruditu zitzaigun.


Jaialdia antolatzeko laguntza jaso duzue ezta?
Ez zarete zuek bakarrik aritu. Bai, eskerrak eman nahi dizkiegu Udalei biharko jaialdiaren inguruan eman diguten laguntzarengatik. Eta urtean zehar laguntza ematen diguten Diputazioa, Bankoa, Ibai mendi denda, Otsua-enea sagardotegia, Olmaza ardoak eta Arano igeltseritzari.


Oier Mendizabali galdetu nahi genioke, ez Buruntzapeko koordinatzaile den aldetik, baizik eta pelotari profesionala den aldetik. Nola ikusten duzu zure burua bihar Hernanin jokatu behar duzun partidurako?
Agian ez nago nere momentu onenean. Eskuarekin arazoak izan ditut eta orain hasi naiz jokatzen. Erritmo pixka bat hartzea falta zait, baina partiduz partidu joango naiz hartzen. Astelehenean Tolosan jokatutako partiduan ez nuen itxura oso ona eman, baina behintzat aurrekoan baino hobeto aritu nintzen. Eskutik errekuperatu nintzenetik hiru partidu jokatu ditut eta biharkoa laugarrena izango da.


Zeintzuk dira denboraldi honetarako dituzun helburuak?
Orain parejetako txapelketa jokatzen da eta hor egotea da nere urteko helburu nagusiena. Txapelketa urtarrilean hasiko da, zaila da hor egotea, baina kontuan hartu behar da lesio batetik natorrela, eta pixkanaka pixkanaka hartzen ari naizela. Hala ere, erabakia Asegarceren esku dago eta aurkezpenaren bezpera arte ez da jakiten.

Eskualdeko pelotari gazteak, eta Oier Mendizabal eta Aimar Olaizola bikote txapelduna, jokoan ikusteko aukera izango da bihar pelota jaialdian
Plan ederra jarri du biharko Buruntzape teknifikazio taldeak, eskualdeko udalen  eta pelota kluben laguntzarekin. Hernanin, Lasarten, Usurbilen, Astigarragan, Andoainen eta Urnietan pelota mugimendua sustatzeko jaialdia izango baita bihar sei herrietan eta batez ere Hernanin.  Goizean sei herrietako klubetako pelotarien partiduak izango dira eta guztira 500 bat gaztek beteko dituzte sei herrietako frontoiak. Hernanin infantil mailko jokalariak ariko dira. Eguerdian bazkaltzera joango dira, Otsua-enea sagardotegira.
Arratsaldean profesional mailako partiduak jokatuko dira Hernaniko kiroldegian. Sarrerak salgai daude Carrero, Oinddi eta Ibaimendin: 30 eurotan partiduak eserita ikusteko eta 15 eurotan zutik ikusteko. Bihar frontian bertan ere jarriko dituzte sarrerak salgai.

Biharko jaialdiko egitaraua:
10:00: Buruntzaldeko pelota klubetako
pelotarien partiduak. Hernanin infantilak, Astigarragan kadeteak, Urnietan seniorrak, Usurbilen jubenilak eta Andoainen benjaminak.
14:00: Pelotazale eta pelotarien herri bazkaria
Otsua-enea sagardotegian.
17:00: Profesional mailako pelota partiduak,
kiroldegiko frontoian:
Saralegi-Oteiza /Mendizabal-Argote.
Olaizola II-Mendizabal II/Berasaluze VIII-Beloki
Sarrerak: 15 euro zutik; 30 eserita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!