«Oraingoz entsaiatzen ibili gara eta gure lehen kontzertua urte zahar gauean emango dugu»

Kronika - Erredakzioa 2008ko abe. 27a, 01:00

Zergatik zarete Gasangreb?
Talde danes batek Gasangreb izeneko kanta bat dauka bere disko batean (No hore for the kids), eta hitz hori aukeratu genuen, arrazoi berezirik gabe. Gasangreb hitza erdi danesa da eta bere esanahia atentatuak gasarekin da. Danimarkako talde honen letrak oso pesimistak dira eta kantetan gerrako ezaugarri asko aurkitu daitezke, garrasiak, eta abar.


Nola hasi zineten? Noiztik zabiltzate?
Lehendik ezagutzen genuen elkar, kontzertuetatik, eta abar, eta oraingoa kasualitatea izan zen. Mau hasi zen mugitzen, eta Iru eta Iñigito-ri komentatu eta elkartu egin ginen. Eta gero, Aitorri esan eta bera ere etorri zen. Denak, Aste Santuan batu ginen, eta ordutik ari gara lanean. Musikak batzen gaitu, eta taldean egiten dugunetik aparte, gutako bakoitza musikaren inguruan lanean ibili da edo oraindik badabil. Mau, esate baterako, Mogambo aretoan kontzertuak antolatzen ibilia da. Iñigitok, berriz, Molotoff irratiko 008 musika saioa egiten du. Kontua da, denok musikaren inguruan mugitzen garela.


Zer jotzen du zuetako bakoitzak?
Aitorrek bateria jotzen du, Mauk gitarra, Irukok baxua, eta Iñigitok, berriz, abestu egiten du.


Non ensaiatzen duzue? Astean zenbatetan biltzen zarete?
Udaletxeak utzitako Floridako lokaletan biltzen gara, eta ahal badugu egunero geratzen gara ensaiatzeko. Taldea hasi berria denez, ordu asko sartu behar dira.


Zein da zuen estiloa?
Esango genuke guk punk eta rock oso agresiboa egiten dugula. Ez da hardcore-a guztiz, baina badu hardcore-aren amorrua. 70. hamarkadan egiten zen estilo bat litzake gurea.


Ze gai dute zuen letrek?
Gure letrak, letra pertsonalak dira. Eta ez dira oso ebidenteak, bakoitzak letra hori bere modura ulertzeko eta berarean identifikatzeko balio dute. Adibidez, ideia bat zuzenean esan beharrean, ideia hori elaboratzen dugu.


Zein hizkuntzatan kantatzen duzue?
Ingelesez kantatzen dugu. Letrak sortzen dituena, printzipioz Iñigito da. Denon artean, taldea ingelesezkoa izatea erabaki genuen. Hala ere, batzutan pentsatu izan dugu euskarazko kantak sortzea, baina zaila izaten da euskaraz ondo egitea, gure ustez ez da horren erraza. Euskara ez da ingelesa bezain hizkuntza melodikoa, eta askotan errazagoa da adibidez, ingelesez errimatzea. Baina ez dugu ingelesez kantatzen ez modagatik, ez fama bilatzeagatik. Besterik gabe, guk entzuten ditugun taldeak anglosajoiak direlako; ingelesak, amerikarrak, australiarrak, kanadiarrak…, orduan, batez ere eragin horregatik. Baina zeinek daki. Agian aurrerago animatuko gara hizkuntzaz aldatzera. Badaude ingelesez hasten diren taldeak, eta gero gaztelerara pasatzen direnak. Donostiako PlanB izeneko taldea, adibidez, horietako talde bat da, eta bukaeran beti gazteleraz egiten zuen. Igual, talde askok ingelesezko taldeen eragina daukate, eta ingelesez hasi eta poliki poliki konturatzen dira pertsonalago geratzen dela euskeraz edo gazteleraz kantatzea.


Zenbat kanta dituzue?
9 edo 10 bat kanta propio ditugu, eta horietaz aparte, beste musika taldeen kanten bertsioak egiten ditugu. Orain, lokalean egoten garen denbora gehiena, kontzertuak prestatzeko erabiltzen dugu.


Eman al duzue kontzerturik herrian?
Oraindik entsaiatzen bakarrik egon gara, eta gure lehen kontzertua hilaren 31an izango da, Loiolako Gaztetxean, gaueko 00:30etan. Kontzertua Punkillon gauaren barruan antolatu da, gau horretan izaten diren kotilloien alternatiba bezala. Joko dugun taldeak EH Sub eta gu izango gara, eta honez gain, DJ Nokono ere han izango da. Urte Zaharreko gau hori edozeinentzat dohainik izango da. EH Sub ere Hernaniko beste talde bat da, eta bertan, Afoniako bik jotzen dute, eta bereziki, kontzertu horretarako bilduko dira. Loiolako kontzertuaz aparte, badauzkagu beste kontzertu pare bat. Urte berria hasteko, urtarrilaren 10ean, Donostiako Irrati Libre bakarrak, Egiako Kultur Etxean, antolatu duen kontzertu batean joko dugu, irratiarentzat dirua biltzeko, beste hiru edo lau talderekin joko dugu. Eta bestalde, otsailaren 12an Donostiako Konplot lokalean joko dugu, Irungo eskola grafikoko ikasleek, ikasbidaia egiteko antolatu duten festaren barruan.


Gazte Sarearen aurtengo Musika Gidan azalduta, jendeak gehiago deituko dizuela pentsatzen duzue?
Gure ustez, kontzertu batzuk eman ondoren, kontzertuak antolatzen dabilen pertsonak errazago jakingo du nor garen, eta Musika Gidan ikusten bagaitu, ezagutu egingo gaitu eta horrela baliteke jende gehiagok deitzea. Etorkizunerako ze asmo duzue? Talde honetan egin nahiko genukeen gauzetako bat zera da, grabazioren bat kaleratzea. Ibili garen beste taldeetan ez dugu aukera hori izan, eta Gasangrebek bere kanten grabazio bat eduki eta hori kaleratzea gustatuko litzaiguke.


Ze giro dago taldean?
Gure artean oso ondo moldatzen gara, eta bakoitzak, den bezalakoa izanda, bere izaeratik zerbait aportatzen die besteei eta taldeari. Aitor, bateria adibidez, kaña sartzen duen horietakoa da. Irukok, berriz, lasaiagoa denez, hankak lurrean jartzen laguntzen digu denoi, gure burua deszentratzen denean. Ondo datorkigun gauza bat da bakoitzak izaera desberdina edukitzea. 

-------------------------------------------------------------------------------------------------------

Hernaniko musika taldeak Gaztesareak argitaratu berri duen MUSIKAGIDA 09-an

EUSKAL Herriko gazteak betidanik izan dira musikazaleak eta musikagileak. Orain ere, gazteek horretan segitzen dute. Baina sortzaile berri askok ez dute aukera haundirik beren lana ezagutarazteko. Beraz, talde hauen berri emateko helburuarekin sortu zen Musika Gidaren ideia. Gida honen helburuetako bat hori da, kontzertuak antolatzerako orduan, gure artean zein euskal talde dauden jakiteko, nora jo edukitzea.
Gazte Sareak, gazteek gazteentzat sortutako komunikazio proiektuak kaleratu du Musika Gida. Eta aurtengoa, Durangoko Azoka burutzen den egunetarako argitaratu zen, abenduaren hasieran hain zuzen ere.
Hau horrela izanda, ez dira gutxi aurtengoan Gidan aurki ditzakegun taldeak, 350 musika talderen berri ematen baita, guztira. Bertan, talde bakoitzaren izena, herria, historia, taldekideak, diskografia eta kontaktuak ageri dira.
Egiturari dagokionez, gidako informazioa modu ordenatuan eta errazean dago antolatuta. Taldeen informazioaz gain bi CD ere aurki daitezke gidako talde guztien abestiekin, erreportaje bat ere badakar, eta baita kontaktu ezberdinen zerrenda, laguntzaileena eta talde batzuen argazkiak ere bai. Talde jakin baten bilaketa errazagoa izan dadin, hauek probintziaka daude banatuta, denera zazpi probintziatan.
Gauza jakina da gure herrian ohitura haundia izan dela eta oraindik badela musika taldeak sortu eta aurrera eramateko. Eta ohitura honen erakusgarrietako batzuk dira Musika Gidan azaltzen diren herriko bi musika talde: Afonia eta Gasanbreg.
Musika Gida Hernanin, Goiz Argi tabernan jarri dute salgai.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!