Udalak eztabaidarako proposamen bat jarriko du mahai gainean

Kronika - Erredakzioa 2008ko abe. 27a, 01:00

BITERI kultur etxea txiki geratu dela, igerileku estalian jende mordoa pilatzen dela, Musika Eskolan plaza gutxi daudela.... eta halakoak entzun izan dira azken urteetan. Mota honetako kezkei erantzuna emateko asmoz 2009an eztabaida prozesu bat hasi nahi du Udalak herritar, talde eta eragile ezberdinekin. Prozesu horretan gaur egun dauden azpiegituren egoera aztertu nahi da, eta etorkizunera begira, zein azpiegitura beharko liratekeen denen artean adostu. Bilera honen faseak eta datak oraindik ere ez daude zehaztuta, baina asmoa da 2009an zehar egitea bilerak. Bilera hauetan azpiegitura aldetik dauden beharrak jaso, lehentasunak markatu eta aurrera egiteko bideak zehaztu nahi ditu Udalak.


Azterketa eta proposamena
Udalak orain arte antzeman dituen beharren inguruko azterketa bat osatu du. Azterketan gaur egun herrian dauden azpiegituren egoeraz hitz egiten da (liburutegia, Musika Eskola, Biteri, kiroldegia, igerileku itxiak...) eta dauden beharrei erantzuna emateko, aukera ezberdinak mahai gainean jartzen ditu. Azken atalean, proposamen bat hobesten da besteen artean, ondoko laukian azaltzen dena. Udalak, garbi utzi nahi izan du, proposamen bat besterik ez dela, azpiegiturak kokatzerako garaian eta herriak ematen dituen aukeraz aztertzerako garaian, nonbaitetik abiatzeko.


Kudeatuz programa
Azpiegituren inguruko parte hartze prozesu hau Kudeatuz programaren barruan dago, Diputazioak eta Eudelek sustatu dutena, eta parte hartzea bultzatzea helburu duena. Beste proiektu bat ere badago Kudeatuz programaren barruan, herrian dauden adinekoentzako zerbitzuen ebaluazioa egitea, herritarren iritzia jasota. Bi proiektu horiek gauzatzeko Udalak 100.000 euroko diru laguntza jasoko du.


Urbieta kalean eraikin berria, Musika Eskola, auditorioa eta liburutegiarekin
AZPIEGITUREN eztabaidaren bueltan eskatutako azterketan, herrian gaur egun dauden kultur eta kirol azpiegituren diagnosia egiten da: Biteri kultur etxea, Udal liburutegia, Musika Eskola eta kiroldegiaren egoerarena, hain zuzen. Aipatutako gune guzti horietan dauden premiak identifikatzen dira:
•Biteriri dagokionean, besteak beste, aipatzen da,   ikastaro berriak emateko leku nahikorik ez dagoela, areto nagusiak ez duela ikusle nahikorentzako lekurik, eta aretoak antzerki eta musika emanaldietarako ez dituela baldintzak betetzen.
•Liburutegiari buruz dio, Hernani bezalako herri batek 1.163 m2ko liburutegia behar lukeela, beraz gaur egun dagoena txikitxoa dela. Horrez gain, azterketan ez da egoki ikusten liburutegia pisu bat baino gehiagotan sakabanatuta egotea.
•Musika Eskola txiki geratu dela ere aipatzen da azterketan, eta horrez gain, bentilazio, argiztapen  eta soinu arazoak daudela.
• Kiroldegiaren kasuan esaten da, kiroldegia nahikoa dela gaur egun dagoen eskariarentzat, baina igerileku estalia txiki geratu dela aipatzen da. Arazoa aspaldikoa dela ere esaten da azterketan, eta horren seinale da, igerileku estalia haunditzeko oinarrizko proiektua eskatu zela bere garaian.
Beharrak antzemanda, azterketan esaten da, herri erdigunea behar duela izan azpiegitura hauek zabaltzeko gunea, herritarrek bertara iristeko arazorik izan ez dezaten.  Eta ikusita, aurretik aipatutako eraikin horiek haunditzeko aukerarik ez dagoela, herri erdigunean dauden udal lurrak proposatzen dira eraikin berriak egiteko.
Dauden aukera ezberdinak aztertu ondoren, honako proposamen hau hobesten da azterketan:

-Biteri kultur etxean, liburutegia eta aretoa kenduko lirateke eta kultur etxe osoa tailer, bilera eta bestelako geletarako utziko litzateke. Gaur egun daudenak baino gela haundiagoak eraikiko lirateke.

-Kiroldegiko igerilekua, haunditzea proposatzen da. Aurretik zegoen proiektuan aurreikusten zen Latsunbe aldera haunditzea, baina azterketa honek proposatzen du igerilekua gradak dauden aldera zabaltzea.

-Urbieta kalean eraikin berria eraikitzea proposatzen da.
Udal liburutegi berria, 300-400 ikusleentzako emanaldi aretoa, eta Musika Eskola bertara eramatea proposatzen da.

-Villa Manolitako terrenoan,  estalitako kirol pistak eraikitzea proposatzen da. Kiroldegia ondoan dagoenez, bertako biltegia,
 dutxak, aldagelak, materiala eta bestelakoak erabiltzeko aukera izango litzateke. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!