SEIGARREN urtez, herriko artisten festa izan zen joan den astebukaeran Zikuzulon, Zikuñagako artelekuan. Goizean Zikuzuloko paretetan muralak margotu zituzten eta haur jolasak ere antolatu zituzten. Ederki bazkaldu ondoren, Jon Zabaletaren irudi eta abesti emanaldia izan zen. Segidan, Nahia eta Loreak dantza saioa egin zuten. Bertaratu zirenak txunditu zituen emanaldi honek, izan ere Lorea gurpildun aulkian ibiltzen da. Biolin eta kitarra emanaldia izan zen gero eta atzetik Haizea Arregi eta Joxemiren poesia eta musika emanaldia. Festari amaiera Barruren musika elektroniko saioak eman zion.