Etxeberri urbanizatzeko eta Goiz Eguzkiko bolatokia estaltzeko proiektuak onartu ditu Udalak

Kronika - Erredakzioa 2008ko abe. 26a, 01:00

GOBERNU Batzarra izan da aste honetan eta bertan onartu dira Etxeberri auzoa urbanizatzeko proiektuaren aurreneko fasea eta Goiz Eguzkiko bolatokia estaltzeko proiektua. Espainiako Gobernuak diru laguntzak emango dizkie udaletxeei hainbat proiektu egiteko, eta hori dela eta, bi proiektu hauek onartu eta dirulaguntza eskatzeko asmoa du Udalak. Eskaria onartuko balitz, Espainiako Gobernuak bi proiektu hauek %100ean finantziatuko lituzke. Etxeberri urbanizatzeko lanen aurreneko faseak, 510.457 euroko aurrekontua du eta Goiz Eguzki estaltzeko lanek 132.789 eurokoa.

Hil honetako Plenoko hainbat erabaki
Joan den larunbateko Kronikan hil honetan izan den Plenoko hainbat erabaki azaldu ziren. Alde batetik, Kaxkoko kaleetan kotxeak sartzea kontrolatzeko ordenantza onartu zela azaldu zen. Zehazki hasierako onarpena eman zaio eta orain erakusketa publikoan jarri dute. Bestalde, Torturaren aurkako mozioa onartu zela ere azaldu zen.

Play dantzalekua
Pleno horretan beste hainbat erabaki ere hartu ziren, horien artean, Play dantzalekuaren erabilerarekin lotutakoa. Gaur egun, Play dantzalekua hutsik dago, eta dantzalekua eta antzeko jarduerak egiteko bakarrik erabili daiteke. Jabeek Udalari kontsulta egin diote, jakiteko ia posible ote den zerbitzu arloarekin lotutako erabilera ematea eremu horri (hotela, merkataritza...). Udalak aldaketa hau jasotzeko asmoa du Arau Subsidiarioak berridazterakoan. Erabaki hau jendaurrean jarri da eta alegazioak egiteko aukera izango da.

Ereñotzun babes ofizialeko etxebizitzak
Plenoan onartu zen baita ere, Ereñotzuko babes ofizialeko etxebizitzen ondoko eremuari eragiten dion puntu bat. Eremu horretan billak egitea zegoen aurreikusita, baina konstruktoreak babes ofizialeko etxebizitzak eraiki nahi lituzke bertan. Zehazki 4 bloketan, 16 etxebizitza egitea aurreikusi du.

Herri barruko autobusaren txartelaren prezioa
Herri barruko autobuseko txartelaren 0.10 igotzea ere onartu zen Plenoan. Lehen 0,60 balio zuen eta orain 0,70 balio du.

Atletismo pistaren inguruko hitzarmena
Bestalde, Kirol Patronatuaren eta CD Hernani Atletismo taldearen arteko hitzarmena ere onartu zen, Plenoan. Hitzarmen honetan zehazten da atletismo taldeak atletismo pista erabiltzeko dituen eskubideak eta betebeharrak, alde batetik. Eta bestetik, Kirol Patronatuak hartzen dituen konpromezuak.

Ikuskizunen prezioak
Ikuskizunetarako sarreren prezio berriak ere onartu ziren Plenoan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!