OLENTZERO Hernaniko jaun eta jabe izan zen asteazkenean, goiz eta arratsalde, alde batetik bestera ibili baitzen, herriko ikastetxe, talde eta koadrilla ezberdinek lagunduta. Herriko ikastetxeetako ikasle eta irakasleek aurten ere ez diote hutsik egin Gabon bezperan Olentzerorekin izaten duten zitari. Baserritar jantzi dotoreak soinean eta Gabon kantuak ahoan, gogoz ekin zioten herria girotzeari. Herriko talde eta koadrilak ere animatu dira Gabonetako erronda egitera, tartean Aurrera taldeko lagunak. Kaxkotik aparte, urte askotako ohiturari jarraituz, lagun koadrila bat ere ibili zen baserriz baserri, Zikuñaga eta Osiñagan barrena. Olentzero ere haiekin izan zen, eta azaldutakoaren arabera, kale buelta egiteko Olentzeroak 20 urte pasa izango ditu. Bertsolariak ere animatzen dira buelta hau egitera, eta urtero bezala, Zikuñagako Atepe baserrian geldialdia egin zuten, bertan bizi den izen bereko bertsolariak ere izaten baitu koplarako gogoa. Sagardotegi eta baserrietan kantatuz eta mokadu bat janez jarraitu zuten ibilbidearekin. Iluntzean, Olentzerok karroza gainean egin zuen buelta herrian barrena, Ttarlako 200 bat dantzari gaztek lagunduta. Astoa, euskal mitologian girotutako karroza eta dantza saioak ere izan ziren kale bueltan eta jendetza gerturatu zen Olentzerori azken agurra egitera.