URTE osoan zain egon ondoren, azkenean gaur iritsiko da Olentzero Hernanira. Etxeetan opariak utzi aurretik ordea, kantu saioa egitea gustatzen zaio ikazkiñari. Olentzerorekin batean kantatu nahi duenak badu gaur aukera. Alde batetik, herritar talde batek hitzordua egin du arratsaldeko 15:00etan Plazan, eta handik baserriz baserri ibiliko dira, Osiñaga eta Zikuñagan barrena. Bestalde, Ttarla dantza taldeko kideak (guztira 200 bat lagun) arratsaldeko 18:00etan aterako dira Olentzerorekin, Urbieta kaletik, eta Kaxkoan barrena kale buelta egingo dute. Karrozak ere egin dituzte, euskal mitologian girotutakoak. Kale buelta bukatzean, Plazan, Olentzerok haurrak agurtuko ditu. Aurretik, 16:00etan, Zaharren Egoitza bisitatuko dute.