BURUNTZALDEKO pelota jaialdia izango da igandean Buruntzaldeko sei herrietan (Usurbil, Lasarte, Andoain, Astigarraga, Urnieta eta Hernani). Jaialdia eskualdeko pelotariekin lanean ari den Buruntzape teknifikazio taldeak antolatu du; bertako koordinatzaileetako bat da Oier Mendizabal pelotaria. Jaialdia antolatzen ari dira, baita ere, sei herrietako udalak eta pelota elkarteak. Aurreneko aldia da maila honetako jaialdia antolatzen dela eta helburua da, Buruntzaldean pelotaren inguruan egiten den lanaren berri ematea jaialdiaren bidez, eta bidez batez, pelotaren inguruan egun atsegina pasatzea.
Goizean pelotari gazteak
Jaialdiari hasiera sei herrietako pelotari gazteek emango diote, haien arteko pelota partiduak jokatuko baitira sei herrietan: Andoainen benjaminak, Lasarten alebinak, Usurbilen jubenilak, Urnietan seniorrak, Astigarragan kadeteak eta Hernanin infantilak ariko dira. Guztira 500 bat pelotari ariko dira jokatzen. Ondoren, animatzen dena, Otsua-enea sagardotegian bazkaltzeko aukera izango du.
Pelota partidu ikusgarriak
Arratsaldean edozein pelotazale tentatzeko moduko partiduak jokatuko dira Hernaniko kiroldegian. Aurreneko partiduan Mendizabal-Argotek Saralegi-Oteizaren kontra jokatuko dute. Bigarrenean, bi bitako gaur egungo txapeldunak, hau da, Aimar Olaizola eta Oier Mendizabalek jokatuko dute, Berasaluze VIII-Belokiren kontra. Arratsaldeko 17:00etan, Hernaniko kiroldegian.
Sarrerak salgai
Jarri dituzte salgai larunbateko pelota partiduko sarrerak, Carrero, Oinddi eta Ibaimendin: 30 eurotan pelota partiduak eserita ikusi nahi dutenarentzat, eta 15 eurotan, zutik ikusteko.