Olentzero Hernaniko bidean da eta bihar iritsiko da Hernanira. Herriko talde ezberdinak ari dira prestatzen ikazkinari behar bezalako harrera egiteko eta bi deialdi izango dira: alde batetik, baserriz baserri ibiliko dira, eta bestetik, Kaxkoan barrena.
Olentzero baserriz baserri
Herritar talde bat, urtero bezala, baserriz baserri ibiliko da. Arratsaldeko 15:00etan egin dute hitzordua, Plazan. Handik Zikuñaga eta Osiñaga aldera abiatuko dira, herriko bertsolarien eta musikarien laguntzarekin. Tartean sagardotegiren bat edo beste harrapatuko dute, eta trago eta mokadu bat egiteko aukera izango dute, eztarria erabat ez lehortzeko.
Olentzero karrozan
Kaxkoan barrena
Bestalde, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Olentzero Kaxkoan barrena ibiliko da, karrozan. Bi karroza izango dira, bata Olentzerorentzat eta bestea euskal mitologiaren inguruan girotuko dute. Karrozei lagunduz, Ttarla dantza taldeko 200 bat lagun izango dira, baita Musika Eskolako trikitilari eta banda ere. Kale buelta bukatzean, gerturatzen diren haurrak agurtuko ditu Olentzerok eta haien eskariak entzungo ditu. Kale buelta aurretik, arratsaldeko 16:00etan Olentzero Zaharren Egoitzan izango da.