RUPER ORDORIKA: «Junkerari emandako diru-laguntza tanta bat da ozeano batean»

Kronika - Erredakzioa 2008ko abe. 20a, 01:00

Urteko zure azken kontzertua izango da gaurkoa. 2008an disko berria aterata, asko aritu zara jotzen. Zer moduz joan dira orain arteko kontzertuak?
Hamar t´erdietan diskoa atera zen udaberrian, eta geroztik hasi nintzen kontzertuekin. Ez naiz disko horretan oinarritu kontzertuetarako. Zuzeneko diskoa izan da eta aldatzeko oinarria eman dit: berrantolatu dut taldea goitik behera, eta orain laukotean gabiltza: Asier Oleaga bateriarekin, Lutxo Neira baxuarekin eta Arkaitz Miner gitarra, mandolina eta biolinarekin. Asko ibili gara, han eta hemen; disko berriak arnas haundia eman dit taldearekin berriz aritzeko. Izan ere, aurreko urtean adibidez, Jon Pirisekin bakarrik aritu nintzen akustikoan, Memorian mapan diskoa beste modu batera egina zegoelako.

Aldaketa haundia dago baten musikatik bestearenera. Zergatik?
Aurrera egiteko, ez dut ezagutzen beste metodorik. Musikariekin sortzen den elkarrizketa da, oso inportantea niretzako, eta hasiera hasieratik ibili izan naiz holatsu. Hernaniko honek aurtengo kontzertu bolada itxiko du, eta, seguruenik, tarte batean ez gara ibiliko. Bertsolariek esaten duten bezala, nahi dut ganbara bete.

Zuzeneko diskoan badaude, alde batetik, zure azken aldiko diskoetako kanta batzuk. Baina, `Rupertorioan` sartu dituzu aspalditik jotzen ez zenituenak ere, adibidez, `Zenbait bertso xelebre`.
Grabatu genuen kontzertuko errepertorioa izan zen oso zabala, baina, gero, entzutean, erabaki genuen ez errepikatzea aurretik egin genuen zuzeneko diskoko, Gaur-eko, kantarik. Zenbait bertso xelebre hori ez da izan inolaz ere erraza talde batekin jotzeko. Orain ere ez dugu sartzen errepertorioan: koplak dira, bereziak. Baina grabatzeko egunean ikusi nuen jendearen erantzuna, kanta buruz zekitela. Niretzako kanta hori... pentsa, lehenengo diskotik datorren kanta da! Sartu behar zela ikusi nuen. Gainera, iruditzen zait, nonbait bilatu geniola buelta bat. Asmatzekorik ez, Herdoilarena... beti hor egon diren kanta batzuk daude Hamar t´erdietan diskoan: oso ondo erakusten du taldea zer zen grabatu genuenean. Zazpi urtez aritu ginen, eta hori, musikaren mundu honetan, gutxitan gertatzen den gauza da.

Eta, behin horretara iritsita, erabakitzen duzu aldatzea.
Niretzako, onartu behar dizut, ez zen batere erraza izan. Baina ez arrazoi musikalengatik, alde hori nahiko garbi ikusten nuen. Buruan beste zerbait entzuten nuen, Memoriaren mapan-en soinutik urrutiratzen joan nintzen. Baina, maila pertsonalean, zaila izan da. Urte luzetako harreman estua izan da, ez dago larregi esan beharrik: horrenbeste urtez elkarrekin arituta, harreman pertsonaletan sartzen zara beste esparru batzuetan. Aldaketa sakon xamarra izan da, baina, musika aldetik, zail ikusten nuen aurrerago joatea. Hala ere, ziklo hori ez dut itxita ikusten. Hor dago, eta igual hurrengo bizitza batean... (barre egin du).

Diskoa publikatu duzula esan dugu, CDan. Baina, azken aldian ematen du formatu hori atzean geratzen ari dela. Internetekin eta ordenagailuekin asko aldatu al da zure lan egiteko modua?
Egile bezala, aldaketa haundiak dakartza. Diskoak grabatu ditzakezu beste era batera. Horrek ikaragarrizko produkzio pila ekartzen du, batak bestea ezkutatzen du... Beste harreman bat sortzen da musikarekin. Gure munduan gertatzen ari den aldaketa haundienetakoa da: CDen mundua bukatzera doa, eta inork ez daki nondik aterako den. Beti esaten dut aldaketa haundi baten hasieran gaudela, eta oraindik ez dakigu nora joango den. Horrek baditu bi alde: bat, aski positiboa, jendeak musika eskura daukalako; bestea berriz, erabat aldatu dela musikaren zeregina. Orain sekulan entzungo ez ditugun musikak dauzkagu denok etxean. Kontsumitzaileak gara, eta musika kontsumo gai denez gero, aldatzen da bere balioaren puska bat.

Balioa aipatu duzunez, musikaren balio ekonomikoaz ere galdetu nahi nizun: Eusko Jaurlaritzak Kepa Junkerari eman dion 702.000 euroko diru-laguntza zer iruditzen zaizu?
Musikari askok bezala, nik ere sinatu egin nuen horren kontra atera zen testua. Aski korrektoa zen ohar hori, 500 lagunek sinatu dugu gutxi gorabehera eta bakoitzak Kepari buruz bere iritzia izango du, baita sinatzen ez duten askok ere. Baina hor auzitan dena ez da bere eginkizuna, horrelako diru-laguntzek konparatiboki zer esan nahi duen baizik, eta diru hori emateko eskainitako arrazoiak zeintzuk izan diren. Arrazoi horiek, nik uste dut onartezinak direla, kolokan jartzen dutelako gure aurrekoek egindako lana. Euskal kantua modernizatze horretara eraman behar baldin bada, eta inter-kulturalitatearen izenean horrelako gauzak egin behar baldin badira... ba... baten batek ez du deus ulertzen. Ez da tanta bat baizik, ozeano batean. Benetan auzitan dagoena da, nola kudeatzen diren gauzak kulturaren alorrean. Zein modu arinean. Baten batek esan du, nonbait entzun dudanez, gai tristea dela. Konforme nago. 700.000 euro: batzuetan horrekin egiten dutena da... ez dakit... aireportu bateko aparkalekuko marrak margotzea. Ez da deus. Baina, hain zuzen ere horrek adierazten du, kultura nola dagoen kontsideratua. Eta iruditzen zait alde horretatik, onartuta gauza tristea dela, izango dela onuragarria; behintzat ikusten delako badagoela hemen, honetaz, beste modu batera pentsatzen duenik.

Mikel Laboa hil den urtea bukatzera goaz. Zer izan da bera zuretzat?
Ba... (isilik egon da denbora luzez). Hain dut hurbilekoa, non ez den erraza erantzuten. Niretzako, Mikel entzutea, mutiko denboretan, izan zen... errebelazio bat. Hori da hitza. Aurkikuntza bat. Oso goiz gertatu zen, eta gero barneratu egiten duzu, bilakatzen da erreferente bat. Bere bozak biltzen ditu bere joera guztiak: kantu zaharra gaurkotzeko, aurrera begira egin zituen `Lekeitioak`... Bere sasoiko ikur bat da. Denbora poliki-poliki joaten ari da, egunak pasatzen doaz, eta are gehiago konturatzen zara gauza batzuetaz. Niri dagokidan partetik, pertsona oso abegikorra izan zen, asko interesatu zen nire eginkizunarekin. Hori baloratzen oso zaila da: maisu denak horrelako jarrera erakusten duenean, asko balio du norberarentzako. Uste dut bere eginkizun guztia ildo batean, ez bitan edo hirutan, burutu zuela; intuizio oso indartsua eduki zuen; eta, uste dut bere bozak iraungo duela, gure bihotzean.

Gaurko kontzertua nola bukatuko den ezin dugu jakin, baina zerekin hasiko duzun esango al zeniguke?
Egin kontu-rekin hasten gara aurten, normalean, eta uste dut Hernanin ere horrela egingo dugula. Ez dut ezagutzen aretoa eta ikusiko dugu... Gustura gabiltza azkeneko emanaldiekin, eta badut, ziklistek esaten duten bezala, sentsazio ona (barre egin du).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!