Hasi dira Apeadero eta Kaxkoa lotuko dituen igogailuko lanekin

Kronika - Erredakzioa 2008ko abe. 20a, 01:00

APEADEROA eta Kaxkoa lotuko dituen igogailuko lanak hasi ziren atzo. Lanak direla eta apeaderoa eta haur parkea lotzen dituen oinezkoen bidea itxi egingo dute, baina, Atzietaserainoko eskailerak erabili ahal izango dira.

786.900 euro
Urbycolan enpresa ari da igogailuko obra burutzen eta lanek 786.900 euroko aurrekontua dute. Udalak espero du lanek 4 hilabete eta hiru aste irautea, beraz aurreikuspen horien arabera, igogailua maiatza aldera izango litzateke erabiltzeko moduan.

Igogailuaren ezaugarriak
Igogailu berrian 20 pertsona sartu ahal izango dira. Bizikletak ere sartu ahal izango dira. Sarrera Karabeletik apeaderora, oinezkoak pasatzeko dagoen tunel txikiaren parean izango du, zertxobait Balantxa aldera. Irteera aldiz Atzietan izango du, haur parkea dagoen horretan. Igogailuaren sarreran, behekaldean, eserlekuak jarriko dira eta bizikletentzako aparkalekuak. Goialdean, komun publikoak jarriko dituzte. Igogailua bera kristalezkoa izango da eta erabiltzerakoan, bertatik, herriko parajeak ikusi ahal izango dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!