kAXKOAN kotxeak ibiltzea mugatu nahi du Udalak eta aste honetan bide horretan urrats garrantzitsuak eman dira. Alde batetik, Atzieta kalean kotxeen sarrera mugatzeko kontrol sistema jartzen aritu dira, eta bestetik, osteguneko plenoan Kaxkoko kaleetan kotxeen sarrera kontrolatzeko araudiari hasierako onarpena eman zitzaion. Araudiak Gobernu Taldearen, PSE-EE, EAJ-PNV eta PPren aldeko botoekin egin zuen aurrera eta EA eta EB abstenitu egin ziren. Araudiari hasierako onarpena emateak esan nahi du, erakusketan jarriko dutela (hirigintza departamentuan, 4. pisua) eta alegazioak egiteko aukera izango dela.
Atzietan, Kale Nagusian, Kardaberazen eta Plazan
Atzieta, Kale Nagusia, Kardaberaz kalea eta Plaza dira araudi honetan sartzen diren kaleak, hau da, kale hauetan jarriko da kontrol sistema. Kale hauetan sartu ahal izateko txartel magnetiko batzuk banatuko dizkiete sartzeko baimena duten kotxeen gidariei.
Honakoak dira baimena eskuratu ahal izango dutenak: kale horietan garaje plazak dituztenak, banatzaileak, Atzieta kaleko tailerretako langile eta bezeroak, kotxe ofizialak, anbulantziak eta larrialdietako zerbitzua ematen duten kotxeak eta auto taxi lizentzia munizipala duten kotxeak (zerbitzua ematen ari direnetan). Bestalde, Atzieta kalean sartu ahal izango dute, Kale Nagusian, Kardaberazen, Atzietan, Karkaban eta Gudarien Plazan bizi eta bertan enpadronatuta daudenak, eta kotxea ere helbide berean enpadronatuta dutenak.
Atzieta kalean edozeinek aparkatu ahal izango du, seinalizatutako lekuetan, baina astelehenetik larunbatera goizeko 06:00etatik 20:00etara, eta gehienez ere ordu betez.
Ordenantzan, aurretik aipatutako multzo ezberdinen ordutegiak zehazten dira, baita baimena eskuratzeko aurkeztu beharreko paperak ere.
Torturaren kontrako mozioa
Osteguneko plenoan, torturaren kontrako mozio bat ere onartu zen. Gaia Giza Eskubide Batzordean aritu dira lantzen azken hilabeteetan, eta batzordean landutako testu bat aurkeztu zen. Testuaren alde Gobernu Taldeak egin zuen hasiera batean, baina Alkateak akordiorik lortu ez zuten puntuak kentzea erabaki zuen. Puntu horiek kenduta, mozioa onartu egin zen, Gobernu Taldea, EAJ-PNV, EA eta EBren aldeko botoekin. PP ea PSE-EEk kontra bozkatu zuten.
Mozioan torturak salatzen dira eta Estatuko Gobernuari eskatzen zaio Lege Antiterrorista indargabetzea eta atxilotuak ez inkomunikatzea. Auzitegi Nazionala desagertzea ere eskatzen da mozioan, baita atxilotuen giza eskubideak errespetatzea ere. Horrekin batera eskatzen da, «tortura eta inkomunikazio sufritu dituzten atxilotuen kontrako prozesu judizialak bertan behera uztea» eta torturapean egindako deklarazioak froga bezala ez erabiltzea. Giza eskubideen aldeko defentsa ere egiten da testuan eta eskubide hauen urraketa sendo gaitzesteko konpromezua hartzen da. Justizia administratiboari eskatzen zaio «argi ditzala tortura salaketa guztiak, erantzuleak kondenatuak izan daitezen».
Hernaniko pertsonaren bat inkomunikatzen denean, hartu beharreko neurriak ere zehazten dira onartutako testuan: torturari buruz hartutako erabakiak Auzitegi Nazionalera bidaltzea, udalean ordezkaritza politikoa duten talde guztiek adostutako idatzi bat dagokion pertsonari bidaltzea eta inkomunikazioa salatzeko prentsaurrekoa ematea udaletxean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek.