SANTO Tomasko feria, txorizoa eta ogia dio Santo Tomas egunean hainbestetan kantatzen den abestiak, hoiek baitira Santo Tomas egunaren berezitasun nagusiak. Hernanin, badira urtero urtero, jai egun honi hutsik egiten ez dieten auzo, talde eta elkarteak; hortaz, aurten ere izango da txistorra jan eta jai egun bikaina pasatzeko aukera herrian.
Gaur Inmakulada
ikastetxean
Gabonetako oporrak iristear dira ikasle askorentzat, eta hartu aurretik, Inmakulada ikastetxean Santo Tomas eguna ospatzeko ohitura mantentzen dute. Baserritar jantziak ipini eta goizeko 10:30etatik 12:00etara giro ederra izaten da ikastetxean. Aurtengoan ere izango dira ikasleek egindako barazki postuak, merkatu solidarioa eta nola ez, txistorra taloarekin eta guzti jateko aukera.
Bihar Plaza Berrin eta Orkolagan
San Joan Konpartsak ere, urtero hartzen du Plaza Berri ingurua animatzeko konpromezua eta aurten ere, jai bikaina antolatu du. 11:30etatik 14:30etara talogileak izango dira Plaza Berrin, trikitixa doinuez girotuta. Arratsaldeko 18:00etatik aurrera berriz, Ezpeletako txarangarekin erromeria izango da.
Santo Tomas eguna ospatzen zaleak izaten dira Orkolagako auzokoak ere, eta aurtengo jaia bihar egingo dute. 11:00etatik aurrera sagardo dastaketa izango da, txistorra eta gaztañekin. 11:30etatik aurrera berriz, umeentzako jokoak. Festa eguna Anboton jokatuko den II. Toka Txapelketarekin bukatuko da eta gerturatutako edozeinek hartu ahal izango du parte, 13:30etatik aurrera.
Igandean Goiz Eguzkin, Gazte Txokoan eta Zaharren Egoitzan
Santo Tomas Eguna egunean bertan ospatuko dutenak ere izango dira herrian. Goiz Eguzkin, txapelketetako sari banaketa egin ondoren txistorrada herrikoia egingo dute, 11:00etatik aurrera.
Mª Magdalenako Zaharren egoitzan, gabonetako ekitaldiak Santo Tomas egunarekin hasiko dira, igandean arratsaldeko 17:00etan.
Azkenik, gazteek ere izango dute txistorra jateko aukera, Gazte txokora hurbilduz gero, han ere eguna ospatuko baitute.