Larunbat honetan Estatuko Senior Ohorezko B mailako partidua daukagu Landaren, hau da, maila esanguratsuko partidua. Ordua, 15:30etan. Eta burura etorriko zaigun lehen galdera hauxe izan daiteke: nola daiteke halako maila altuko norgehiagoka halako ordu txikietan jokatzea? Nor joango da baina partidu hau ikustera biztanleri erdia bazkaltzen ari denean eta beste erdia siesta hartzeko beta aztertzen? Zein asmo ilun dago honen atzean ordutegi hau erabakitzeko?
Ba… asmo iluna ez baina egun iluna bai, batez ere urte sasoi honetan, eta 17:00etatik aurrera. Eta arazo zaharra hauxe da hain xuxen ere, Landareko zelaietan ez dagoela behar adinako argirik txapelketako partida bat jokatzeko, ez eta behar moduan entrenatzeko behar adinako argirik ere. Eta horrela, urteak eta urteak. Beraz, norgehiagokak larunbatean jokatu behar izanez gero, ba… siesta orduetan jokatu behar.
Eta egoera hau latza izanik, okerrena zera da, 2004. urtetik onartu zela zelaietako argiteri berria ezartzeko aurrekontua eta proiektua, eta itxuraz baten batek hanka sartu zuen eta baita diruz motz geratu ere. Eta zer edo zer konpondu edo aurreratu nahian, 90.000 euroko proiektu erdiari ekitea onartu genuen hurrengo batetan, baina gaur egun, duela 10 urte bezain trakets jarraitzen dugu. Izan ere, proiektu hori plenoan onartu izan ondoren, non gelditu da? Zer egin da baina diru horrekin?.
Eta bukatzeko, Sagastialdeko atletismo pistara hurbiltzerakoan izugarrizko argiteria egonen da piztuta gaueko 23:00ak arte, inor ez dagoenean ezertan ordu horretan, eta berdin Latsunbeko pilotaleku txikian eta tenis pistan eta futbol txikiko pistan eta Sorgintxuloko parkean... Gure aldamenean berriz, behar den bezala Zubipe ederki argiztuta, zorionez CDHk argiteria berritu berria daukalako.
Horrexegatik, berriro ere zera datorkit burura, gure 160 jokalariek ez ahal dute horrenbeste merezi?
Esan bezala, larunbateko partida arratsaldeko 15:30etan jokatu behar, eta entrenuak Zubipeko argiteria baliatuz, piztuta dagoen bitartean….
Untsa izan eta ARGI ibili.
Joxe Kurutz Elosegi Estebez