HERRITARREK etorkizunean nolako herria amesten duten, galdera horri erantzunez, hainbat elkarrizketa egin dira azken asteetan. Elkarrizketa horiekin bideo bat osatu dute, Hernani 2020: denon begietatik izenburua duena. Aurkezpena gaur izango da, arratsaldeko 20:00etan, Biterin, eta herritar guztiak daude gonbidatuta.
Elkarrizketak
Bideoan hainbat herritarri egindako elkarrizketak ikusi ahal izango dira. Denek ere galdera bati erantzun behar izan diote: nolako Hernani amesten duzu etorkizunean?. Elkarrizketa batzuk kalean jendea animatu ahala egin dituzte. Beste elkarrizketa batzuk ordea, aldez aurretik hitzartu dituzte, esate baterako: Udal Berdintasun Arloko teknikariari, Ingurugiro teknikariari, herriko parrokoari eta gurasoei egindako elkarrizketak, besteak beste.
Emanaldia bukatzean dokumentalak banatu egingo dituzte. Banatuko dituzten bideo hauetan Hernani 2020 ekimenari buruzko informazio osatuagoa izango da.
Bideo honekin Udalak lortu nahi du heritarrei ezagutaraztea Hernani 2020 ekimena zer den eta ekimenaren lan metodologia.
Hernani 2020
Hernani 2020 Udalak martxan jarritako ekimena da. Hernani 2020 lan egiteko modu bat da, eta helburua da, epe luzera begiratzea, eta nahi den horretara iristeko, bidean egin beharreko urratsak definitzea, urratsak modu isolatuan eta bakarka eman beharrean. Lan metodologia hau da Hernani 2020 ekimenaren ardatza, baina badu beste ardatz bat ere: parte hartzea, hau da, herritarrek iritzia jasotzea.
Ekimen honen barruan herritarrekin eta taldeekin hiru bilera egin dira. Udalak, nonbaitetik hastearren, bi gai zehaztu zituen: inmigrazioa eta euskara. Bilera horietako ondorio nagusiak gaur banatuko diren bideoan agertzen dira.