UDALAK eta Berriak Elkarteak elkarlanean, telazko poltsak erabiltzeko kanpaina jarri dute martxan. Kanpainaren helburuetako bat da plastikozko poltsa gutxiago erabiltzea, eta ondorioz, ingurumenean duten eragina murriztea. Beste helburuetako bat da, 2010eko urtarrilaren 1etik aurrera banatzen diren plastikozko poltsak kobratzen hastea.
Hernaniko 82 komertziok hartu dute parte
Kanpaina aurrera ateratzeko ezinbestekoa izan da herriko komertzioen partehartzea. Kanpaina aurkezteko prentsaurrekoan azpimarratu zutenez, ezin hobeto erantzun dute. Oraingoz 82 dendarik hartuko dute parte kanpainan eta Udalak 80 poltsa eman dizkie bakoitzari. Orain, kanpainaren hasieran, dendariek poltsa horietako batean emango diote erositakoa bezeroari.
Leialtasuna sarituko da
Kanpainaren helburua da bezeroak telazko poltsak erabiltzera ohitzea. Beraz, telazko poltsa erabiltzen duten bezeroei, edota karritoa edo ohizko erosketetako poltsa erabiltzen dutenei zozketa batean parte hartzeko txartelak emango zaizkie. Zozketak 2009an zehar egingo dira eta lehenengoa urtarrilaren 30ean egingo da. Aurreneko zozketa honetan, 1.000 euroko balioa duten 3 lote zozketatuko dira. Loteak ikusi nahi dituenak, aukera izango du ostiraletik aurrera Kale Nagusian dagoen Ibañez dendan. Handik aurrera, zozketak, hilabeteroko azken ostiraletan egingo dira eta sariak 100 euroko eros txartelak izango dira. Sari horiek kanpainan parte hartu duten dendetan gastatu ahal izango dira. San Joanetan berriz, zozketa berezi bat egingo da, nahiz eta saria oraindik zehaztu gabe dagoen.
Publizitatea paneletan
Kanpainan parte hartzen ari diren dendek pegatina bat eta marko digital bat dute. Bertan, kanpainaren inguruko informazioa eta honen inguruko publizitatea agertzen dira.
Horrez gain, propaganda orriak ere banatuko dira establezimendu ezberdinetan: ileapaindegietan, hortz kliniketan eta abar.