«Nor geldituko litzateke Euskadin?»

Kronika - Erredakzioa 2008ko abe. 14a, 01:00

Hernaniko EAJ-PNVk prentsa ohar baten bidez, joan den larunbat gauean PSE-EEren egoitzak jasandako erasoa salatu du; «Hernaniko Herriko Etxeak izan duen erasoa eta ‘PSE Kanpora’ pintaketa irakurri ondoren, antzinako irudiak datozkigu burura, Alemania naziaren garaikoak, non ‘juduak kanpora’, ‘ijitoak kanpora’ eta antzekoak ikusten ziren». Prentsa oharrean hainbat galdera luzatzen ditu: «Horrela bada, nor geldituko litzateke Euskadin? Erretzen, erasotzen eta izutzen dutenak? Zuri-zuria bere burua dutenak? Euskadiren irudi zilegi bakarra onartzen dutenak? Hauteskundetan laguntza gutxien dutenak?». EAJ-PNVk dioenez, «hemen denok dugu gure lekua: beltzak, juduak, ijitoak, PSE-EEri, PPri, EAri, EAJ-PNVri, Aralarri eta EBri laguntzen dietenak, asmo politiko zehatzik ez dutenak, eta guk denok alde egitea nahi dutenak. Denak euskaldunak gara, denek gure herrian sinesten dugu, denak lan egin eta bizi nahi dugu hemen eta ondokoak errespetatzen ditugun heinean, modu berean, begirunea zor zaigu». Eskutitza bukatzeko dio «Baztertua izan nahi ez duenak ez ditzala besteak baztertu».
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!