Eusko Alkartasuna: «Hondakinen kudeaketaren inguruan, benetako udal politika izkutatu egin da»

Kronika - Erredakzioa 2008ko abe. 14a, 01:00

Eusko Alkartasunako bozeramaileak, Iñaki Arratibelek, Kronikara bidalitako prentsa ohar baten bidez dio, Gipuzkoako Hiri Hondakinen Plana dela bide bakarra hondakinen gaia egoki kudeatzeko, eta azkenean, Udalak jarrera aldatu eta parte hartu duela, 59.961 euro ordainduta, Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoan.

Udalaren dirua
Arratibelek dioenez, pozgarria da, «udal talde guztiak bat etorri izana kontu honetan». Partzuegoa zer den azaldu ondoren, bere funtzio nagusia azpimarratzen du: hondakinei ahalik eta etekin haundiena ateratzea, birziklatuz, konposta eginez eta errausketaren bidez, bide batez, energia sortuz.

Udalak iritziz aldatu
Arratibelek dioenez, erraustegiaren aurka urteak eman eta gero, Udal taldeak inork baino gehiago, orain parte hartzea erabaki dute, inolako azalpenik eman gabe, «eta bistan geratu da, oposizioan daudenean demagogia erabiltzen dutenak, ezin dituztela beren argudioak defendatu boterean daudenean». Erraustegiaren aurka zeudenak, Hernaniko Udalean eta San Markoseko Mankomunitatean gehiengoa izan arren, «ez dira gai izan, urte eta erdi pasa ondoren, alternatiba bat proposatzeko Gipuzkoako Hondakinen Planaren aurrean, eta «jendeak baditu arrazoiak, engainatuta sentitzeko».

Larriena, udal politika izkutatu izana
Arratibelen esanetan, larriena zera da: «benetako udal politika izkutatu izana», eta bere alderdiak informazioa eskatu duenean, prentsan argitaratutakoa besterik ez du jaso, «nola edo hala, beti, beren benetako asmoak izkutatuz».

Hala ere, iritzi aldaketa egokia
Hala ere, Eusko Alkartasunaren ustez, Udalaren iritzi aldaketa egokia da, «denborak argi utzi baitu, benetako irtenbide erreal eta bakarra Gipuzkoako Hondakinen Plana dela».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!