2009ko aurrekontuen proposamena luzatu die Udal Gobernu Taldeak oposizioko alderdiei

Kronika - Erredakzioa 2008ko abe. 13a, 01:00

Joan den asteazkenean Ogasun Batzordea bildu zen udaletxean. Bertan, Udal Gobernu Taldeak datorren urteko aurrekontuen zirriborroa aurkeztu zien beste alderdiei. Orain oposizioko alderdiek urte bukaera arte dute, txostena aztertu eta emendakinak egiteko.

Krisiari aurre egin behar
Hainbeste aipatzen den krisia udaletxetan ere sumatuko da. Udalaren diru sarrerarik haundiena Gipuzkoako Foru Aldunditik, Diputaziotik alegia, etortzen da, eta hain zuzen, hura dagoeneko hasia da iturria ixten; 2008ko diru laguntzen zati bat kendu dio dagoeneko Udalari, eta datorren urteko diru laguntzak ere murriztu egingo ditu. Honen aurrean, Udala inbertsioak murriztu beharrean dago.

25 milioiko aurrekontua
Udalak gutxi gora behera 25 milioi euroko aurrekontua du. Horietatik 16 milioi gastu arruntetan eta langileetan joaten dira. Hala ere, Udala neurriak hartzen ari da azkenaldian, horiek ere ahal den neurrian murrizteko. Horiez gain, 5 milioitik gora Kirol Patronatura eta Ongintza Patronatura bideratuko dira. Inbertsioen atalean ia 3 milioi aurreikusten dira, eta horietatik 2 milioi eta erdi behintzat, zaharren egoitza haunditzeko izango dira; beraz, hori izango da datorren urteko inbertsio nagusia. Horrez gain, auzoetan lanak egitea aurreikusten da.

Urtarrileko plenoan onartzea espero
Orain udaletxeko alderdi guztiek proposamenak aztertu eta beren ekarpenak egingo dituzte. Abendua izango dute horretarako. Ondoren, urtarrileko plenoan datorren urteko behin-betiko aurrekontuak onartzea espero da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!