Kuban Munduko Trinkete Txapelketa jokatzen aritu zara. Finala Loquillo Fernandezen aurka jokatu zenuen, aurkari gogorra. Partiduko zati haundi batean aurretik ibili zinen arren, azkenean garaipena mexikarrarentzat izan zen. Nolako partidua izan zen? Nola ikusi zenuen zeure burua?
Bai, partidu osoan aurretik izan nintzen eta bukaeran gainera 34 eta 29 irabazten nindoan; baina azkenean aurkariak sake perfektuak egin zituen sarera, eta ezin izan nuen ezer egin. Partidu polita izan zen, baina Loquillok zerbait berezia ateratzen du momentu zailenetan eta bukaeran hori egin zuen niri irabazteko. Hala ere, nire burua ongi ikusi nuen. Besteetan baina gutxiago entrenatuta joan arren, ongi erantzun nuen.
Finaleko aste berean 3 partidu jokatu zenituen, horrek eragina izan zuela uste al duzu?
Agian bukaeran pixka bat, baina ez dut uste fisikoa erabakiorra izan zenik.
Kontrarioaren baliabide teknikoek erabaki zuten partidua.
Ez da lehenengo aldia Munduko Trinkete Txapelketa jokatzen duzuna: Sub 22-a eta bi absolutuetan.
Marka ederra da guztietan finalera iritsi izana, hala ere, ez irabazteak sentsazio gazi-gozoa utzi al dizu?
Oraingo honetan parrez bukatu nuen partida, kriston pila gozatu nuen, bai trinkete barruan, bai kanpoan. Niretzat Iparraldeko ordezkariari irabaztea garaipena da jada, beste dena plus bat da. Gainera, orain bidaiatzen nabil eta hau bai dela sentsazio gozoa…
Euskal Herriko edo kanpoko pelotarien aurka jokatzea oso ezberdina al da? Zertan?
Bai, jokoan, pilota kolpatzeko moduan, keinuetan, efektuetan, goiko bizardun horren gainean kristonak esateko garaian… dena aldatzen da. Beharrezkoa da hotz mantentzea eta joku ezberdinetara moldatzen jakitea.
Nola jakiten duzue txapelketa jokatzeko zuek zaretela pelotari aukeratuak?
Egun bat lehenago esaten digute zeinek jokatu behar duen, baina susmoak izan ohi ditugu…
Zenbatero jokatzen da munduko txapelketa? Hurrengoan ere zeure burua hor ikusten al duzu?
Bi urtero, baina hurrengoan ez dut uste bertan izango naizenik. Mendi ekintzei egurra eman nahi diet eta gainera hurrengoa Pau-n izango da eta ez didate bidaia exotikorik ordaintzen, jeje!
Munduko txapelketa amaituta, Euskal Herrira bueltan txapelketarik edo ba al duzu gertu?
Hara itzultzean ikusiko dut. Agian frontoian hasiko naiz berriro ere.