Igande honetan ospatuko dute Sorgintxulon Santo Tomas eguna

Kronika - Erredakzioa 2008ko abe. 11a, 01:00

gabonak arrimatzen ari dira eta preludioa, Santo Tomas eguna, gero eta gertuago dago. Batzuk, egunean bertan ospatuko dute; beste batzuk, bezperan; eta goiztiarrenak, urtero bezala, Sorgintxulo auzoko bizilagunak izango dira, igande honetan ospatuko baitute, aurten ere.

Txistorrarik ez da faltako
Halako egun batean, ezin txistorrarik falta, bera baita eguneko protagonista. Auzoko bizilagun guztiei luzatu diete gonbitea, mokadu bat egitera joateko. Eguerdiko 12:00etan hasiko da ospakizuna.

Gabonetako saskia zozketatuko dute
Urtero bezala, festa girotzeko, Gabonetako saski eder bat zozketatuko dute Sorgintxulo auzo elkarteko kideen artean. Bazkide bakoitzak kuotaren erreziboan ageri den zenbakia begiratu behar du. Saskia ikusi nahi izanez gero, elkartetik pasa besterik ez dago.

Kaxkoan, abenduaren 20an ospatuko dute
Kaxkoan ere ospatuko dute Santo Tomas eguna, baina hauek, bezperan, hilaren 20an alegia. San Joan Konpartsa ari da bilerak egiten eta egun horretan ere ez da, ez txistorrik, ez talorik faltako.

Goiz Eguzkin Santo Tomas egunean bertan
Herrian izango da Santo Tomasak egunean bertan ospatuko dituenik; tartean Goiz Eguzki egoitza sozialeko kideak. Goizeko 11:00etan hasiko dira, gonbidatuei ongi etorria emanez; ondoren, udazkeneko jokoetako sari banaketak egingo dituzte: karta jokoak, billarra, toka, igela, botea eta abar. Sariak banatutakoan, txistorra jateari ekingo diote egoitzara hurbiltzen diren guztiek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!