Gaztetxearen urteurren festa izango da larunbatean, Gazte Asanbladak antolatuta

Kronika - Erredakzioa 2008ko abe. 10a, 01:00

BADIRA bi urte Hernaniko Gazteek Kontrakantxa gaztetxea okupatu zutela. Gaztetxearen helburua, besteak beste, Hernaniko gazteek biltzeko lekua izatea zen, eta bide batez, hauen beharrei erantzuna bilatzeko modua izatea. Ordutik, asko izan dira antolatu dituzten ekintzak: bazkariak, irteerak, bideo emanaldiak, kontzertuak, tailerrak, elkartasun ekintzak eta abar. Orain arteko bidea ez da erraza izan, eta gazte hauek diotenez «bidean izan ditugun oztopoak ugari izan dira eta izaten jarraitzen dute. Hala ere, gogor eta indartsu aurrera jarraitzen dugu, gure ametsetan sinisten baitugu».

Festa eguna larunbatean
Guzti hau kontuan izanda, eta orain arteko esfortzua zoriontzeko asmoz, larunbaterako festa eguna antolatu dute. Ekitaldiak eguerdiko 12:00etan hasiko dira, txupinazoarekin, eta ondoren, bertso-triki poteoa egingo dute. Bazkaria eguerdiko 14:30etan izango da. Sarrerak 10 euroan daude salgai Garin eta Goiz Argi tabernetan. Bazkalostean, arratsaldeko 17:30etan ginkana izango da herrian zehar, eta ondoren karaokea Garin tabernan. Eguna txaranga doinuekin amaituko dute, arratsaldeko 20:00etatik aurrera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!