Etorri berria zara. Zer moduzko esperientzia izan da?
Hango egoera oso larria da, 33 urte daramazkite horrela, eta arrazoi politikoak daude tartean. Baina ezer baino lehen, garrantzitsua da historia ezagutzea. Garai batean Sahara espainiar kolonia zen; deskolonizazioa hasi zenean, espainiar estatuak gaizki egin zuen bere lana, erreferenduma egin behar baitzuen, eta ez zuen egin.
Sahara beste herrialdeentzat ere oso interesgarria zen, mineral asko dagoelako, eta arrantzan ere oso aberatsa zelako; orduan, Marokok Martxa Berdea antolatu eta marokiar zibilez bete zuen saharauien zonaldea eta bertakoak mendebaldera alde egin behar izan zuten, Aljeriara.
Nondik nora iritsi zara errefuxiatu kanpamenduetara?
Bigarren aldia da joaten naizena. Frente Polisarioak antolatzen ditu bidaiak, urtean bitan; ezin duzu joan nahi duzunean, askoz ere zailagoa baita. Aurreko bidaian Hernaniko 3 lagun joan ginen, oraingoan 2; baina, bestea alde batera joan da, eta ni beste batera, berak ere bai baitzuen nor bisitatu.
Hernaniko Udalak udaran etxean haur bat izan duten familiei diru laguntzatxo bat ematen die. Herrian elkarterik ez dago zuzeneko kooperaziorako baina gauzak egiten dira: udaran umeak ekartzen dira, orain janari bilketa egiten ari dira, Saharako errefuxiatu kanpamenduei buruzko ekitaldiak ere antolatu nahi dituzte...
Zein egoera topatu duzu?
Hezkuntza tasa oso-oso altua da, ume guztiak joaten dira eskolara; gazteak, esate baterako, Kuba, Libia edo Aljeriara joaten dira ikastera... Hala ere, duten guztia kanpotik eramana da; hura basamortua da, adobez egindako herriak dira denak; ospitaleak ere badituzte... Orokorrean oso ondo antolatuta daude... Hizkuntzari dagokionez, gazte gehienek gazteleraz, hasanieraz, saharauien hizkuntza, eta arabieraz dakite. Erlijioz, musulmanak dira, batzuk zorrotzagoak, besteak malguagoak... Eta oso-oso edukatuak dira, oso atseginak.
Non ibili zara zehazki?
Nire etxean egon izan da udan kanpamenduetatik etorritako ume bat eta haren etxera joan naiz; gero han kanpamenduz kanpamendu ibili naiz. Hango egoera oso gogorra da, oso tristea. Gainera beste herrialdeek abandonatu egin nahi dituzte; orain, esate baterako, krisia dela eta, sumatzen hasiak dira botika gutxiago iristen direla.
Oso garrantzitsuak dira emakumeen eskolak; beti pentsatu dut emakumeek eramaten dutela aurrera herrialdea: hezkuntzaz arduratzen dira, etxeaz ere bai, gizarte sarea ondo ezagutzen dute...
Zer egin duzu han?
Ni begirale ibilitakoa naiz udaran Saharako umeekin, eta ezagutzen ditudanak, ‘nire umetxoak’ bisitatzera joan naiz; jendeak emandako enkarguak eraman ditut; emakumeen eskolak ezagutu ditut; kultura saharauiaren jaialdi batean izan naiz; zeru zoragarri hura ezagutu dut; eta batez ere, jendearekin hitz egin dut.
Oraintxe bertan, Euskal Herriko 12 proiektu daude martxan han, laguntzeko. Jendeari todosconelsahara.com web orria gomendatu nahi diot, hango errealitatea ezagutzeko eta arazoaren arduradun nagusiari, espainiar estatuari, kontuak eskatzeko.
Nora iritsi nahi du saharauiar herriak?
Beno, horretan denak ez datoz bat. Batzuk gerrarekin jarraitu beharra ikusten dute; beste batzuk berriz, atzean utzi nahi dute gerra eta bide baketsuak jorratu. Edonola ere, egoera oso gogorra da han; gerra egiteko gaizki daude; baina, bestalde ez dute ezer galtzeko.
Hernanin orain janari eta produktuak bilduko dira kanpamenduetara bidaltzeko. Zer dakizu laguntza horiei buruz?
Sahararen Aldeko Euskal Karabana Donostiatik abiatzen da Alikanteraino; han ferria hartu eta Oranera eramaten dituzte, Aljeriara; handik Raguni-ra eramaten dituzte, kanpamenduetako gune administratibo nagusira, eta saharauiar gobernuarentzat lan egiten duten pertsonek banatzen dituzte produktuak; etxe guztietara iristen dira. Asko badago, ondo; bestela, razionamendua. Egoera oso larria da, kanpotik iristen denarekin bizi dira erabat, bertan ez baitago apenas ezer. Hemengo pizar bat ikaragarri da han. Eta produktuak iristen dira, hori seguru; Euskal Herritik adibidez, ikuskatzaile asko joaten da, produktuak iristen direla ziurtatzera.