Wukrorako dirua biltzeko Hernaniko artisten lanak salgai

Kronika - Erredakzioa 2008ko abe. 9a, 01:00

gaur hasi eta hurrengo hamar egunetan, hilaren 19ra arte, Hernaniko hainbat artistek egindako artelanak izango dira salgai, Biteri kultur etxean. Helburua da artelanak saltzea, ahalik eta diru gehien bildu eta Etiopiako Wukro herrira bidaltzeko, bertan Angel Olaran misiolari hernaniarrak dituen proeiktuei laguntzeko. Erakusketa gaur hasi eta datorren asteko ostiralera arte, hilak 19, egongo da irekita, Biteri kultur etxean, 18:00etatik 20:00etara.


Ahalik eta diru gehien biltzea da helburua
Erakusketa eta salmentaren helburua da ahalik eta diru gehien biltzea, gero dirua Wukrora bidaltzeko, izan ere, antolatzaileen esanetan, «hemengo diru pizar bat, han ikarragarrizko dirutza da, eta proiektu asko daude bertakoei laguntzeko». Laugarren urtea da erakusketa egiten dutena. Lehenengo urtean diru kopuru polita jaso zuten baina urtetik urtera jaitsi egin da; hala ere, joan den urtean 800 euro bidali zituzten Wukrora; helburua da kopuru hori atzean uztea.


Umezurtzei laguntzeko proiektuak
Angel Olaranek urteak daramazki Etiopiako Wukro herrian. Proiektu asko ditu eskuartean, besteak beste, desertizazioari aurre egitea, herri inguruko basoak landatuz, prostituzioari aurre egitea eta 1.600dik gora umezurtzei laguntzea. Laguntzari esker, umeek familia bat dute, osasun ona dute, aterpea ere badute, eta eskolara joaten dira.


Herriko artisten lanak modu onean
Erakusketan herriko zenbait artistek egindako lanak egongo dira salgai, modu onean. Bertan, era guztietako eskulanak izango dira: koadroak, teknika eta estilo ezberdinetakoak, egurrezko piezak eta abar.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!