San Markos Mankomunitateak Zurekin egunero kanpaina jarri zuen martxan mankomunitateko 10 herrietan, tartean Hernanin. Okindegietan telazko zorroak banatu dituzte eta helburua da telazko zorroak erabiltzea, egunero plastikozko poltsak eta papera erabili beharrean. Kanpaina horren barruan bi zozketa izan dira, aurrenekoaren saria Oiartzunera joan zen, baina bigarrena, Hernanin geratu da, Zikuñaga auzoan,Autoservicio Laura-n. Saritua Maria Pilar Retegi Retegi izan da. Arzak jatetxean bi lagunentzako afaria izango da saria. Bai dendariak eta bai sarituak sari bana jasoko dituzte. Kanpaina honetan zehar 192.000 boleto banatu dira. Herritarrek eskuratutako telazko poltsarekin ogia erosiz gero zozketan parte hartzeko boleto bat eskuratu dute. Zozketa honekin kanpaina bukatutzat eman da eta San Markos Mankomunitateak eskerrak eman nahi izan dizkie parte hartu duten okindegi guztiei.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!