PABLO Lasa uztargile hernaniarraren omenezko artisau azoka izan zen atzo Hernanin. Hernanin egiten den artisau azoka bakarra da abendu hasieran egiten den hau, eta jendeak gustora hartu zuen. Horren seinalde da eguerdi aldera Atsegindegi jendez gainezka zela. Denetariko lan eta abilidadeak erakutsi zituzten atzo Atsegindegin bildutako 25 artisauek: txotxongilloak, euskal jantziak, larruz egindako poltso eta txanoak eta zilarrez edo fimoz egindako bitxiak, besteak beste.
Herriko artisauak ere izan ziren azokan, guztira lau: Alaitz, birziklatutako neumatikoekin egindako lanekin; Anastasia Leunda, artile eta ezkurrez egindako lanekin; Ziku Armendariz zilarrezko bitxiekin; eta Maider Kalonje tailatutako egurrezko piezekin.
Irurako Igor Obesok egin zuen erakustaldiak jendearen arreta piztu zuen, izan ere beira lantzen aritu zen jendaurrean.
Jan edanak ere ez ziren falta izan azokan: taloak, pasta eta jaki biologikoak, intxaurrak, ardoa, sagarrak eta abar.
Azoka musikarekin girotzen arduranak Hernani Musika Eskolako kideak eta Irungo Agirretxe anaiak izan ziren.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!