Nolatan hasi zinen bitxigintzan?
Mexikon ikasi nuen. Bidaiari sena izan dut beti, eta horrela hasi nintzen ikasten. 97an urtebetez bidaiatzen ibili nintzen, eta Mexikora iristean 8 urtez bertan bizitzen geratu nintzen. Lehenago larrua lantzen nuen, eta beti eraman dut nire tailer txikia bizkar gainean. Baina Mexikon nengoela, Michuacan, bitxigintzarekin hasi nintzen. Soldatzen, zilarra lantzen... bertan bizi izan nintzen, beste artisauek erakutsitakoari esker.
Zure kabuz ikasi duzu beraz.
Gehienbat bai. Gainontzeko artisauek erakutsi didatenarekin eta nire kabuz egindako lanarekin ikasi dut. Hala ere, Euskal Herrira itzuli nintzenean goi mailako ikasketa batzuk ere egin nituen. Donostian dagoen Easo Politeknikoan teknika berriak, zilarra lantzeko modu desberdinak... ikasi nituen. Egia esan, ate asko irekitzeko balio izan didate ikasketa hauek.
Teknikak aipatu dituzula eta, zein da zuk erabiltzen duzuna?
Ez dut bakarra erabiltzen! Teknika mota asko daude! Normalean zilar lamina lantzen dut, baina baita zilar haria ere. Lamina erabiliz gero, segeteatu (zilar laminan marraztu) edo soldatu egiten dut. Batzuetan argizariarekin ere nahasten dut, suarekin ere jolasten dut, laminadorearekin testura desberdinak lortzen ditut, mailuarekin kolpatu egiten dut, mikromotorrarekin zuloak egin ditzaket... Milaka gauza egin daitezke! Gainera, etengabe ikasten ari naiz eta horrek gauza berriak lortzen ere laguntzen dit. Jolastea da garrantzitsuena.
Jolastea, eta imajinazio handia ere beharko dira, ezta?
Noski! Nik zilarrarekin bitxiak egiten ditut: eraztunak, belarritakoak, lepokoak, pultserak, brotxeak... Eta horretarako imajinazioa beharrezkoa da. Nik barruan formak ditut, hala sentitzen ditut: naturatik, geometriatik hartutako formak. Horrela, ideia bat sortzen dut eta marrazki bat egiten dut. Ordenagailuak, sarri, asko laguntzen du marrazkia egiten! Ondoren, egindako marrazki horretatik abiatzen naiz nire lanean, horretan zentratzen naiz. Baina lanean hastean, zenbait tresna eta teknikekin jolastuz, bide berriei heltzen diet askotan.
Lan luze eta neketsua da artisauarena. Salmenta prezioekin lortzen al da merezitako
ordainsaria?
Zaila da. Egindako produktuen prezioa norberak jartzen du, eta nik sarri, ez dut jakiten zein prezio jarri. Hala ere, askotan oso merke saltzen dudala iruditzen zait. Gainera, sortu ditudan bitxi batzuk balio sentimentala dute, eta orduan ezinezkoa da prezioa jartzea eta saltzea.
Gainean hegaka ari zaigun krisi famatu honen eraginik
nabaritu al duzu?
Artisautza munduan krisia lehenagotik dator. Kanpoko konpetentzia gure merkatuan sartu denean sortu da guretzako krisia. Kanpoko artisauek merkeago saltzen dituzte beren produktuak eta horrek lan gehiago egitera behartzen gaitu. Imajinazioa, adimena eta sormena zorroztera eraman gaitu. Artisau Azokara jendea erakartzeko postu-gunea girotuko duten musikariak ekartzen ditugu, haurrentzako tailerrak prestatzen ditugu, erakustaldi bat prestatzen dugu... Aurten adibidez, Irurako artisau bat gonbidatu dugu: Igor Obeso. Beira lantzeko putz egitearen teknika erakutsiko digu.
Artisautzaz bizitzea
zaila da, orduan.
Horretarako gogo eta ilusio handia behar dira, esfortzu handia eskatzen du. Gutxi gora-behera ni hala bizi naiz, artisautzak ematen didanarekin. Baina azoketan saltzen denarekin ez da erraza nahikoa irabaztea, eta lan osagarriak ere egiten ditut tarteka. Denda bat jartzea ere pentsatu izan dut, baina lokalak oso garesti daude, eta gainera, bidaiari sena dut oraindik ere!
Euskal Herriko artisautzaren
etorkizuna bermatua ikusten duzu?
Ni optimista naiz. Hobeto egon gintezke, noski, baina Euskal Herrian maila ona dagoela uste dut. Bitxigintza bera ikastea erakargarri izan daiteke. Hala ere, egia da ahalegin handia egin behar dela. Egiten ari zaren lanaren emaitza ikusteko denbora eta lan asko egin behar da; lehenengo, materiala moldatzen ikasi behar da, ariketak egin behar dira... Ohituago gaude emaitza azkarragoak lortzera.
Agian horrexegatik dago gazte jende gutxi. Jende berria sartzen da, baina helduak izaten dira normalean. Artisautza hobby gisa dutenak ere badaude, eta horiek tarteka etortzen dira. Baina, Gabiltza Gipuzkoako Artisauen Elkarteak lan handia egiten du. Artisauen taldea sortzeak identitate indartsu bat lortzen lagundu du, eta Ordizian ospatzen den Artisaualdiak lortu duen garrantzia uka ezina da.