Artisauen beren lanik ederrenak erakutsiko dituzte gaur Atsegindegin

Kronika - Erredakzioa 2008ko abe. 6a, 01:00

HOGEITA bederatzigarren urtez Pablo Lasa Artisau Azoka ospatzen da Hernanin abenduko lehen igande honetan. Hernaniko Udalaren, Orona enpresaren eta Hernaniko hainbat tabernariren laguntzarekin, Gabiltza Gipuzkoako Artisau Elkarteak antolatu du aurten ere topa-gune hau, eta 25 artisau bilduko dira edizio honetan. Horietatik bost hernaniarrak ditugu: egurra tailatzen duen Maider Kalonge, artilezko eta ezkurrezko lanak egiten dituen Anastasia Leunda, buztin polimerikoa lantzen duen Kinoa, bitxigintzan aritzen den Ziku Armendariz, eta birziklatutako materialarekin lan egiten duen Alaitz. Horiez gain, taloak, pasta biologikoak, eztia, xaboiak eta elikagai ekologikoak salduko dituzten postuak ere bertan izango dira.

Hasiera batean azoka hau udaletxeko arkupeetan egiten bazen ere, Atsegindegiko plaza estalia eraiki zenetik bertako babesa bilatu dute artisauek, eta aurten ere Atsegindegin elkartuko dira. Azoka goizez eta arratsaldez egongo da martxan, goizeko 11:00etatik arratsaldeko 14:30era eta arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara. Artisauen postuez gain, haurrentzako eskulan tailerra ere antolatu dute, eta Hernani Musika Eskolako trikitilariek eta Irungo Agirretxe anaiak dultzaina-joleek eguna girotuko dute. Hori guztiaz gain ordea, jende gehiago erakarri nahian, sorpresatxo bat ere prestatu dute: Iruratik datorren Igor Obeso artisaua lanean ikusteko aukera izango da eta beirari putz egiteko teknikaren erakustaldia egingo du.

Pablo Lasa
29 urtez Hernaniko Artisau Azokak izen bat izan du: Pablo Lasa, artisau handia bera ere. Orain 29 urte Hernanin zegoen Herri Jakintza kultur taldea artisautza eta artisauen lanak galtzen ari zirela ohartu zen, eta desagertzeari aurre egiteko artisau azoka antolatzea erabaki zuen. Horrela, inguruko herrietako artisauak bildu eta Hernanin azoka antolatzen hasi zen. Pablo Lasa bera Hernaniko uztargilea zen, eta Atzieta kalean zuen bere tailerra. Garai batean, baserri lanetarako uztarri on bat izatea ezinbestekoa izaten zen, eta Pablo Lasari eskatzen zizkioten baserritarrek beren idi-parea ondo lotuko zituen egurrezko pieza. Artisauak biltzeko sortutako azoka honek ezin ahaztu zezakeen herriko seme zen uztargile famatua, eta bere izena gogoan mantendu du orain arte.

• Anastasia (Hernani). Artilezko eta ezkurrezko lanak.
• Merce Martinez. (Donostia) Burdin arizko lanak.
• Betiarte (Larraul). Egurra.
• Alaitz (Hernani). Reziklatutako materiala.
• Jorge eta Cristina (Zarautz). Esmaltea.
• Joseba (Zizur Nagusi). Txotxongilloak.
• Maider Kalonje (Hernani). Egur taila.
• Espiral (Azpeitia). Jokuak.
• Alejandra Testone (Donostia).Metalizazioak. • Ana Erce (Donostia). Makramea.
• Dir-Dai (Pasai Antxo). Beira.
• Kinoa (Hernani). Buztin Polimerikoa.
• Gloria Sukia (Deba). Euskal Jantziak.
• Maduixa (Ataun). Eskuz margotutako erropa.
• Agua-KT (Donostia). Kolorezko bisuteria.
• Los juegos (Errenteria). Egurrezko jostailuak.
• Arantxa Iparragirre (Irun). Zeramika.
• Elixamendi (Angiozar). Larrua.
• Ziku (Herrnani). Bitxigintza.
• Hector (Irun). Ehunean egindako serigrafia.
• Pili Ansa (Donostia). Zeramika.
• Kuluma (Orereta). Bitxigintza.
• Aitor Bastarrika (Zarutz). Tinte naturalak.
• Iñaki Gorostidi (Aduna). Miniaturazko harriak.
• Aparte (Orereta). Papera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!