Larunbatean Emakumea Pelotari txapelketa irabazi zenuen, gainera partiduko pelotari onena edo erregularrena izan zinen. Nolako partidua izan zen?
Nire iritziz partidua oso arraroa izan zen. Partidua ez zen nik espero nuen bezalakoa izan. Partidu gogorragoa espero nuen, markagailu parekatuekin; baina partidu osoan zehar nabarmen joan ginen aurretik.
Partiduko pilotari erregularrena izan nintzela egia da, baina azpimarratu nahi dut partidua ez genuela guk irabazi, baizik eta besteek galdu. Garbiñek ez zuen bere jokuarekin asmatu; asmatu izan balu, agian, garaipena ez zen gurea izango.
Zer sentitzen da txapela buruan jarri, eta irabazlea zarela konturatzean?
Txapel bat irabazten dudan lehen aldia izan da, eta poz handia sentitu nuen; gehiagotan sentitu nahi den poz horietakoa.
Txapelketa hasi zenean, txapeldun izango zinela imajinatzen al zenuen?
Ez, inondik inora. Txapelketan bikote orekatuagoak bazirela ikusi nuen. Hala ere, partidua aurrera joan ahala, txapela gertuago ikusi genuen.
Bikotea Dominguez azkoitiarra zenuen; zer moduz moldatu zara? Lehendik jokatu al zenuen berarekin?
Nire bikotearekin oso ondo moldatu naiz. Bere lehen txapelketa izan da, aurten hasi baita pilota munduan. Gainera, oso maila ona eman du txapelketa osoan zehar.
Aurkarietako bat berriz, Garbiñe Tijero zenuen, zure taldekide eta entrenatzailea. Gogorra edo arraroa egin al zitzaizun beraren aurka jokatzea?
Ez. Ez da lehen txapelketa beraren aurka jokatzen dudana. Kantxara sartzen naizenean, aurkari bezala ikusten dut, eta ez entrenatzaile moduan.
Kirol gehienetan, finala irabaziz gero, lehen mailara igotzen da. Emakumea Pelotari txapelketan berriz, emakume batzorde batek erabakitzen du hori. Bertan, pelotariaren progresioa eta abar begiratzen dira. Aurtengo hautagai horien artean zure izena aipatzen da, nola ikusten duzu zuk?
Lehendabiziko aldia da horri buruz zerbait entzuten dudana. Horrela izatekotan oso pozik hartuko nuke berria, nahiz eta oso zaila ikusi.
Orain hemeretzi urte dituzu, noiz
hasi zinen pelotan?
Pelotan orain dela 5 urte hasi nintzen. Eskolaz kanpoko kiroletan aukera moduan zegoen eta probatzeagatik hartu nuen, eta gustatu egin zitzaidan.
Orain arte beste txapelketarik irabazi al duzu?
Ez. Txapelketa asko jokatu
ditut baina txapela ez dut orain arte lortu.
Beste txapelketaren bat ba al daukazue gertu?
Datorren hilabeteetan izango ditut txapelketa batzuk jolasteko: Emakume Pelotari irekia, klub artekoa.....
Aurrera begira, edo etorkizunera begira, nola ikusten duzu zeure burua? Noiz arte pelotan?
Pelotan jarraitzeko asmoa dut. Oso gustura nabil eta pilota kideekin ere oso ondo moldatzen naiz. Noiz arte jarraituko dudan ez dakit baina gerra pixka bat ematen jarraitzeko asmoa badut.
Lehen mailara
LeIRE Lukasek lehen mailarako pasea lortu dezake aurten. Emakumeen pelotan, bigarren mailako finala irabazi arren, ez da zuzenean lehen mailarako pasea lortzen; Erabaki hori emakume batzorde baten esku geratzen da. Hala ere, asko dira diotenak Leire izan daitekeela aurten lehen mailarako txartel hori lortu dezakeen pelotaria.
Emakumeen batzordeak, pelotaria aukeratzeko garaian besteak beste honakoak izaten ditu kontuan: pelotariak azken urtean izan duen progresioa, hartu duen indarra... eta abar. Leirek baldintza hauek betetzen ditu. Hala ere, gaztea izatea izan daiteke bere arazoa.