hondakinekin zer egin behar den, nola konpondu behar den hondakinen arazoa, kontsumo ohiturak aldatu behar ote diren, horretarako zein neurri hartu behar diren... Honelako galdera asko eta asko egingo dituzte Topagune Berdeko datorren bileran. Ez dira hutsetik abiatuko ordea, esku artean izango baitute herriko zaborraren inguruko txostena edo diagnostikoa, egoera eta datu zehatzak alegia. Bilera, hurrengo larunbatean, goizeko 10:00etan, Biteri kultur etxean.
Mugikortasuna ere aztergai
Herritarrek nolako kaleak nahi dituzten, trafikoak zenbaterainoko garrantzia duen, eta izan beharko lukeen, garraio alternatiboak zeintzuk izan daitezkeen, zer aldatu beharko litzatekeen... Herritarrek horrelako galderen inguruan hausnarketa egin eta proposamenak jasotzea da helburua. Jasotakoaren arabera epe luzerako neurriak hartzen hasteko.
Azpiegitura haundien ondorioak (barianteak, AHTa...)
Aurreko bileran herritarrak gehien kezkatzen dituzten gaiak bildu zituzten eta hain zuen, azpiegitura haundiek herrian izango duten eragina da kezketako bat, besteak beste, garrantzitsuenen artean barianteak eta Abiadura Haundiko Trena daude.
Horregatik, datorren larunbateko bileran Hernaniri eragiten dioten azpiegitura haundi hauen inguruan hitz egingo dute. Horretarako, Udalak bere esku duen informazioa eramango du bilerara.
Epe luzera begira
Topagune Berdea
Hernaniko Udalak bultzatu duen partehartze gunea da, herritarrek hainbat gairen inguruan nolako herria nahi duten jakiteko. Horren arabera, Udalak bere proiektuak era batera edo bestera antolatzeko.
Kuestioa da, Udalaren esanetan, normalean epe motzeko ikuspegiarekin egiten direla gauzak. Arazo bat sortzen denean, ahal den moduan erantzuten zaio, epe luzera horrek berak eragin ditzakeen kalteak aurreikusi eta neurtu gabe. Topagune Berdean aurrea hartu nahi zaie, ahal den neurrian, arazo eta erronka berri guztiei eta 10 urteko epean herriak nora iritsi nahi duen eztabaidatu eta zehaztu nahi dute, gero, pixkanaka, bide horretan urratsak emateko.
Partehartze zabala
Topagune Berdeko lehenengo bilera azaroaren 8an egin zen eta jende kopuru haundia hurbildu zen bilerara, 45 lagun hain zuzen. Tartean ziren herriko hainbat taldeetako jendea, Ereñotzuko eta Portuko auzo elkarteak esate baterako, Urretxa mikologia elkartekoak, JOCC-Zikuñako Ama zikloturista taldea, Koxka ezindu fisikoen elkartea, AHTaren aurkako taldea, erraustegiaren aurkako taldea, konpostajearen aldeko taldea eta abar.
Hala ere, bileretan parte hartzeko ez da prezisoa talde bateko kide izatea. Bilerak irekiak dira, eta inork parte hartu nahiko balu, bilerara azaldu besterik ez du. Bilera datorren larunbatean izango da, abenduak 13, goizeko 10:00etan, Biteri kultur etxean.
Azpiegitura haundiak, kezka iturri
Bileraren helburu zabala honakoa da: beste garapen eredu bat bultzatzea eta pausuak ematea, beti ere, ingurumena errespetatuz.
Helburu zehatzagoen artean berriz, honakoak aipatu ziren, besteak beste: lurralde antolaketaz hitz egin, aztertu eta proposamenak jaso; txikizioa gelditu; beste garapen baterako irizpideak zehaztu; hondakinen egoera zein den ezagutu eta egoera hobetu.
• Hondakinekin zer egin. Hondakinen inguruan herriaren egoera ezagutu; jakin zaborra nola biltzen den eta zer egiten den berarekin; beste aukera batzuk ezagutu; etxez etxeko bilketaren inguruko informazioa jaso eta Hernanirako egokia den aztertu; neurri berriak hartu (sariak, isunak...).
• Mugikortasuna. Hainbat gai aipatu ziren: trafikoa; zarata; garraio alternatiboak; norberaren autoa gutxiago erabiltzeko aukerak; bidegorriak; garraio publikoa; herri barruko garraioa; ezinduek dituzten trabak; aparkalekuak eta oinezkoen zonaldeak. Batetik, herriko egoera ezagutu nahi da; bestetik, beste eredu batzuk aztertzea.
• Herri antolamendua. Hernaniri eragiten dioten azpiegituren informazioa jaso eta alternatibak ezagutu; ingurunearen okupazioa mugatu; Urumea ingurua babestu; AHTaren inguruko informazioa jaso...
• Bioanistasuna eta kontserbazioa. Herriko naturguneak eta natur ondarea babestu; bertako landaretza bultzatu.
• Kutsadura. Enpresek eta herritarrek sortzen duten kutsaduraren inguruko informazioa jaso eta proposamenak egin.
• Natur baliabideak neurriz erabiltzeko neurriak hartu. Energia; ura; elikagaiak... Bertako produktuak bultzatzeko neurriak hartu (esate baterako, baserritarren eta kontsumitzaileen arteko kooperatiba sortu).
Rosa Santos «Garrantzitsuena da Topagune Berdean herritarrok gure iritzia emateko aukera dugula»
Rosa Santos kimikaria da berez, eta bere kabuz ari da parte hartzen Topagune Berdean; ingurumenaren gaiak kezkatzen du, «ezagutzen dut gaia, interesatzen zait, eta nire esku dagoena egin nahi nuke». Gaur egun bere lanak zerikusi haundia du hondakien gaiarekin (Udal Ingurumen Sailean lan egiten baitu gaur egun). Gaia ondo ezagutzen duelako bere ezagutzak eta hausnarketak zabaldu nahi ditu. Hondakinez gain, mugikortasunaren gaia ere garrantzitsua iruditzen zaio oso, «gaur egun oso kondizionatuak bizi garelako, kotxearekin gora eta behera...». Bere ustez, Topagune Berdeak aukera ematen die herritarrei ekarpenak egiteko. Orain arte sujeto pasiboak izan gara herritarrak eta besteek hartzen zituzten erabakiak; garrantzitsuena da Topagune Berdean herritarrok gure iritzia emateko aukera dugula». Horregatik espero du «proposamenak egitea, eta denen artean aurrera eraman ahal izatea». Urte batzuk barru nolako herria nahiko lukeen galdetuta, «nortasuna duen herria nahiko nuke; ez Donostiako satelitea izatea. Herria izatea eta iraunkorra izatea».
Begoña Simon - Koxka ezindu fisikoen elkarteko kidea «Mugikortasuna kotxe eta bizikletarekin lotzen da baina hori baino askoz gehiago da; pertsona askok adina edo ezintasunen batengatik oztopoak dituzte»
begoña Simon Koxka Hernaniko ezindu fisikoen elkarteko kidea da. Interesgarria iruditzen zaio Topagune Berdean parte hartzea, batez ere, gaietako bat mugikortasuna delako, «mugikortasunaren gaia jorratzen bada, interesgarria da puntu guztiak kontuan hartzea, gurea ere bai. Uste dugu batzuetan ahaztu egiten zaigula, konturatu gabe edo...». Besteen iritziak ere entzun nahi ditugu, «eta gure aportazioa egin». Topagune Berdean zer espero duen galdetuta, hasierako bilerak besterik ez direla eta, bere helburua mugikortasunaz hitz egitea da, zer den mugikortasuna, «askotan kotxearen erabilerarekin, bizikletaren erabilerarekin lotzen da, baina mugikortasuna hori baino askoz gehiago da; esate baterako, pertsonak adinarengatik edo ezintasun batengatik oztopoak izaten dituzte egunero, eta hori ere mugikortasun kontua da, eta horrretaz hitz egin nahi dugu». Epe luzera, nolako herria nahiko lukeen galdetu dio Kronikak: «Denontzako herria, osasuna dutenentzat eta ez dutenentzat, arazorik gabe mugitzen direnentzat eta arazoak dituztenentzat... guztiontzat».
Maria Luisa Polo «Konposta egitea ideia ona iruditzen zait; balkoian jartzerik balego, jarriko nuke»
maria Luisa Polo bere kabuz joan zen Topagune Berdearen aurreko bilerara, «jakiteko zer den; entzun behintzat». Bertan jorratutako gaien inguruan dio gai asko atera zirela. Bere ustez, «mugikortasuna garrantzitsua da, ezinduek arazo haundiak dituzte herrian barrena ibiltzeko». zaborraren gaiak ez du epel uzten Maria Luisa, «zaborraren gaiak amorrazio haundia ematen dit. Konpostarena ideia ona iruditzen zait; balkoian jartzerik balego, jarriko nuke». Gai honi dagokionez, dio «denok egin dezakegula zerbait, bai goikoak, zabor gutxiago sortuz, baita herritarrok ere».
Julen Lizaso «Hondakinen trataerari dagokionez, nahi dut Hernani eredu izatea, hondakinak behar diren bezala tratatu daitezkeela erakusteko»
julen Lizasok bere kabuz jo du Topagune Berdera, «izenak berak asko deitu zidalako». Berez, ez nekien oso ondo zeri buruz zen eta helburua ezagutu nuenean, orduan eta gogo gehiago sortu zitzaidan parte hartzeko». Zer espero duen galdetuta, «bereziki interesatzen zait Udalak hor ateratzen diren emaitzak eta nahiak aurrera eramatea, horrela ulertzen baitut nik demokrazia». «Garrantzitsua iruditzen zait herritarren iritziak jasotzea, eta Udalak kasu egitea, horrek era berean, partehartzea gehiago bultzatuko duelako». gaiei dagokienez, interesgarriak iruditzen zaizkio denak, «mugikortasuna oso garrantzitsua da; enpatia haundia behar dugu besteen egoera ezagutzeko». Hondakinen trataerari dagokionez, «nahi dut Hernani eredu izatea, Diputazioari hondakinak behar bezala tratatu daitezkeela erakusteko, intzineradorarik jarri gabe; berrerabilpenaren kultura ere bultzatzea nahi nuke, gutxiago kontsumitzearen kultura bultzatu...». Abiadura Haundiko Trenaren kezka bere hortan dago; «tren hori ez da behar, dagoena egokitu eta berrerabili behar da».