Saharako errefuxiatu kanpamenduetara bidaltzeko produktuak jasoko dituzte datozen asteetan Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2008ko abe. 6a, 01:00

urtero bezala, Gabonen inguruan, Saharako errefuxiatuei kanpamenduetara bidaltzeko elikagai eta produktuak bilduko dituzte datozen asteetan herrian. Sahararen aldeko 5garren euskal karabana: piztu itxaropena du izena kanpainak eta helburua da, ahalik eta produktu gehien biltzea, Saharara bidaltzeko.

Arroza, makarroiak, atuna oliotan, konpresak...
Printzipioz honako elikagai eta produktuak jasotzea da helburua: arroza, makarroiak, atuna oliotan, konpresak, lentejak eta azukrea.

Ikastetxeetan, kultur etxean eta supermerkatuetan jasoko dituzte
Sailean bilduko dituzte produktuak; ikastetxeetan datorren asteartetik hilaren 19ra arte uzteko aukera izango da; kultur etxean ere, asteartetik aurrera utzi ahal izango dira produktuak; supermerkatuetan hilaren 19 eta 20an eta urtarrilaren 16 eta 17an uzteko aukera izango da. Urtarrileko astebururen batean haima bat jarriko dute propio horretarako, Plaza Berrin. Guztiak txukun- txukun jaso, bildu eta Saharara bidaliko dituzte.

Dirua emateko aukera
Dirua eman nahi izanez gero, antolatzaileek Frente Polisarioaren izenean kontu korrontea jarri dute: 3035 0080 94 0800054177.

Elikadura eskasa eta anemia
Kanpaina SEADen Aldeko ‘Otsailak 27’ Euskal Elkarte Koordinakundeak antolatzen du, eta Hernaniko Udalak bat egiten du kanpainarekin. Erakundeak bidalitako txostenaren arabera, errefuxiatu kanpamenduen iraupena kanpotik iristen zaion elkartasunaren esku dago. Aurtengo abuztuan Médicos del Mundo erakundeak egindako ikerketa baten arabera, saharar herritarren kopuru haundi batek elikadura eskasa du eta askok anemia dute, asko eta asko emakume eta umeak. Txostenaren arabera, egoerak eragina du pertsonen osasunean, gaixotasunak harrapatzeko erraztasun haundiago baitute; horrez gain, bizi baldintza gogorrek gizarte mailako desestrukturazioa ere eragiten dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!