ASTEAZKENEan Azpeitian izandako atentatua gaitzesteko adierazpen instituzionala onartu zen atzo Bozeramaile Batzordean, PSE-EE, EA, EAJ-PNV, EB Berdeak-Aralar eta PPren aldeko botoekin. Gobernu Taldeko kideak ez ziren batzordean izan.
«Erabateko gaitzespena»
Onartutako idatzian adierazten da Bozeramaile Batzordeak erabat gaitzesten duela Inazio Uria Mendizabalen hilketa. Elkartasuna ere helarazten zaie hildakoaren senitarte eta lagunei.
Horrekin batera, «euskal enpresariei gertutasuna helarazi» nahi izan diete eta eskerrak eman nahi izan diete «gure herriaren etorkizunean eta ongizatearen alde egiten ari diren lanarengatik».
Idatzian salatzen denez, indarkeriak euskal gizartean gaitzespena besterik ez du sortzen eta «erabiltzen dutenek herri honen nahiaren aurka jartzen dira, bakea eta normalizazio politikoaren aurka».
Bestalde, aipatzen da «euskal gizartearen gaitzespena besterik ez dutela lortuko bide bortitzen erabilpenean tematzen direnak, armak uzteko eskariei entzungor eginez».
Bukatzeko, diote «ETA soberan» dagoela eta exijitzen dute «euskal gizarteari bere etorkizuna askatasunez eraikitzen utz diezaiola».
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!