Euskerazko produktuen berri ematen duen katalogoa eskuratu daiteke dagoeneko

Kronika - Erredakzioa 2008ko abe. 5a, 01:00

GABONEN bueltan euskerazko produktuen katalogoa argitaratzen dute, Hernaniko Euskara Zerbitzuak eta Euskal Herriko beste hainbat herrietako Euskara Zerbitzuek elkarlanean. Izan ere, garai aproposa izaten da seme-alaba eta lagunei euskerazko liburuak, bideoak, musika eta halakoak oparitzeko. Aurten 11garren urtea da katalogoa argitaratzen dena, eta helburua da gurasoei merkatuan dauden euskerazko produktuen berri ematea, euskeraren normalizazioa sustatze aldera. Katalogoan, batez ere, 16 urte bitarteko haur eta gaztetxoentzako euskarazko produktuak zerrendatu dituzte, eta honako atal hauetan banatu: musika, liburuak, aldizkariak, pelikulak, jostailu eta jokoak, DVD eta informatika produktuak, komikiak eta gurasoentzako produktuak. Guztira 267.000 ale banatu dira Euskal Herri osoan, Hernanin 2.100. Eskuratu nahi duenak herriko ikastetxeetara, liburutegira eta liburu dendetara jo dezake.


Urtetik urtera katalogoa zabaltzen
Euskerazko produktuen katalogoa zabaltzen ari da urtetik urtera, erreferentea bihurtzen ari denaren seinale. Aurten iaz baino 7.000 ale gehiago banatuko dira, eta produktuak ere gero eta gehiago aurki daitezke. Antolatzaile berriak ere ari dira animatzen egitasmo honetan parte hartzera, eta katalogoa ere, gero eta leku gehiagotan banatzen da.

Interneten informazio osatuagoa
Bestalde, azpimarratzekoa da interneten ere aurki daitekeela katalogoa, honako web gunean: www.katalogoa.org. Interneteko bertsioan produktu gehiago aurki daitezke eta katalogoa PDF formatuan ere jaitsi daiteke. Horrez gain, produktu guztien erreferentziak agertzen dira, produktuei buruzko azalpen zabalagoekin.

Katalogoak harrera ona
Katalogoak harrera ona izaten duela azaldu dute udaletxeko Euskera Zerbitzuko teknikariek. Horren seinale da katalogoan dauden produktuak ondo saltzen direla, eta horrek argitaletxeak animatzen ditu euskerazko produktuak merkaturatzera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!